Bertsoak eta musika uztartuta, patxada ederrean egon ziren zenbait herritar ostiral iluntzean, Goiz Eguzkiko patioan antolatutako saio musikatuan. Egun sargoria izan zen ostiralekoa, baina tenperaturak pixka bat apaldu ziren arratsean, eta gustura asko aditu zituzten Emaitz Muruaren, June Aiestaranen, Julene Iturberen eta Eki Mateorenaren bertsoak. Gai jartzaile lanetan Andoni Mujika aritu zen, eta teklatuan Markel Oiartzabal.
Mota guztietako gaiei buruz abestu zuten bertsolariek; etxebizitzaren auzitik hasi, perretxikozaletasunetik pasa eta gosaltzeko jaki desberdinetara iritsita.
Paulo Txikiya Bertso Eskolako kideak gustura geratu ziren herritarren erantzunarekin, eta ondo borobildu zuten saio berezien urtebeteko ibilbidea.
Geratzeko etorri dira saioak
Hemendik aurrera ere bertso saiorik ez da faltako Hernanin. Bertso Eskolatik orain arteko maiztasunarekin antolatzeko asmoa adierazi zuten, askotariko saioak tartekatuta.
Euskal Jaietan, esaterako, jaialdia izango da Biteri kultur etxeko kanpoaldean.