Egungo txapeldunak ez zuen zalantzarako tarterik utzi

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 12a, 00:00

Ansa II.ak nagusitasunez menderatu zuen Azpiroz Buruz Buruko Txapelketako lehenengo partiduan (30-8).

Azken bi edizioetako txapelduna sasoi betean iritsi da aurtengo Buruz Buruko Txapelketara. Imanol Ansa urnietarrak ez zuen zalantzarako tarte txikirik utzi, eta nagusitasunez irabazi zuen ligaxkako lehenengo partidua: 30-8.

Aurreligaxka irabaztetik iritsi zen Azpiroz larunbateko partidura, aurretik irabazteak dakarren konfiantzarekin. Oraingoan, ordea, ezin izan zuen bere jokoa kantxan erakutsi, Ansak une guztietan izan baitzuen partiduaren domeinua.

Azken markagailuak erakusten duen modura, urnietarra aurretik joan zen beti. Lehenengo zazpi tantoak errenkadan egitea lortu zuen, eta konturatzerako 20-3 aurreratu zen. Azken tantoetan susperraldi txiki bat izan zuen Azpirozek, baina azken tantoetan maisuki borobildu zuen partidua Ansak.

Emaitza honekin, modu ezinhobean hasi du txapelaren defentsa; 4 puntu eskuratu ditu garaipenagatik. Azpirozek, berriz, egindako tanto kopuru murritza dela eta, -1 punturekin hasi du ligaxka.

Partidu asko geratzen dira oraindik, baina badirudi faborito argia izatea ez dela zama haundia Ansarentzat.

Ligaxkan debutatzeko Juanenea eta Barrenetxea IV geratzen dira. Atzelari hernaniarrak adierazi du ilusio haundiz jokatuko duela aurtengo Buruz Burukoa, kantxan gozatzeko helburuarekin. Berak ere ondo baino hobeto daki zer den txapela janztea, bi ditu dagoeneko, eta aurtengoan ere ezin da borroka horretatik aparte kokatu.

Hurrengo jardunaldia larunbat honetako jaialdian jokatuko dute, arratsaldeko 16:30etatik aurrera, Galarretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!