Gaur hasiko da Buruz Buruko Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 9a, 00:00

Ansa II da egungo txapelduna, eta sendo hasi nahi du aurtengo Buruz Burukoa.

Ansa II.aren eta Azpirozen arteko partiduarekin hasiko da urteko txapelketarik garrantzitsuena. 

Urteko txapelketarik garrantzitsuenari ekingo diote gaur erremontariek. Buruz Burukoaren 43. edizioa izango da aurtengoa, eta momentuko lau erremontari onenak arituko dira aurrez aurre: Ansa II, Barrenetxea IV, Juanenea eta Azpiroz. 

Estreinako partiduan egungo txapelduna, Ansa II, eta aurreligaxkako garailea, Azpiroz, ikusteko aukera izango da. Aurreikuspenen arabera, urnietarra da txapelketa irabazteko faborito nagusia. Azken bi urteetan lortu du Buruz Buruko txapela, eta hirugarrena lortzeko bideari ondo ekin nahi dio gaurkoan. Azpirozek, ordea, konfiantza haundia pilatu du aurreligaxkako partiduan, eta bolada onari jarraipena emateko asmoz irtengo da kantxara. 16:30etan hasiko da jaialdia. 

Ligaxkan erremontari guztiek jokatu beharko dute elkarren aurka. Lortzen dituzten puntuen arabera, sailkapenaren ordenak zehaztuko du hortik aurrerakoa. Lehenengo geratzen denak zuzenean lortuko du finala jokatzeko txartela; bigarrenak eta hirugarrenak finalaurreko partidua jokatu beharko dute; eta azkena kanporatuta geratuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!