Uda betean kalea hartzeko deia egingo dute gaur Hernaniko merkatariek. Goizeko 10:00etatik aurrera oinezkoentzat bakarrik egongo dira zabalik Kaxkoko kaleak, eta dendariek atarian jarriko dituzte euren produktuak. Egunean zehar erosketaren bat egiten duten herritarren artean 100 euroko bonoa zozketatuko du Berriak elkarteak.
Horrez gain, Emausekin elkarlanean, uda giroko goiza pasatzeko bost txoko ahalbidetuko dituzte Kaxkoan. «Etxeko egongela modukoak izango dira, eta horietan liburuak, mahai jolasak eta tankerakoak aurkituko dituzte herritarrek, tarte bat pasatzeko».
Berriak merkatarien elkartetik herritar guztiei egin diete Kaxkoko kaleetatik buelta bat emateko deia.