Bertso saio musikatua antolatu duzue gaurko. Zer du berezitik?
Aspaldi zabaltzen ari den modalitatea da. Urtebete goaz saioak antolatzen, eta musikatu bat egitea falta zitzaigun. Berezia eta erakargarria da, musikak bertsozalea ez den jendea ere erakartzen duelako. Etorriko den jende askorentzat zerbait berria izango da, eta pizgarria izan daiteke musikarena. Antolatu ditugun saioek, besteak beste, badute Hernanin entretenimendu kultural gehiago eskaintzeko helburua, eta honekin bertsotik haraxeago iristen saiatu gara.
Musikan, gainera, bertso eskolaren bueltan dabiltzan bi arituko dira.
Bai. Hori ez da arrazoi bakarra izan, bestela ere antolatuko genukeelako; baina erraztasun haundia da, eta baloratzekoa, noski.
Kantuan, berriz, lau bertsolari gazte. Esanahia du horrek ere.
Bertso eskolan beti aipatu izan dugu plazak falta zaizkigula eta gazteei aukerak eman behar zaizkiela. Behin zerbait antolatzen hasita, gure hitza jan baino lehenago, gazteei aukera ematen saiatu gara. Orokorrean, saio guztietan begiratu dugu hori, hemen dauzkagun plazetan gutxi ibili direnei deitu diegu batik bat. Horrez gain, guk geuk ere parte hartu izan dugu saioetan; bertso eskolaren bueltan gabiltzanoi ere jendaurrean gehiago kantatzeko aukera eman digu.
Duela urtebete hasi zineten hilabetero saioak antolatzen. Zer dela eta?
Bertso eskolan egiten ari ginena kalera eraman nahi genuen. Iaz, Gipuzkoako Txapelketa tarteko, asko elkartzen ginen, astean bitan gutxienez. Indartsu geunden, motibatuta, eta gogoa geneukan beste bertsolari batzuekin aritzeko, elkar ezagutu eta entzuteko. Hernani ez dago saio faltan, aurretik ere dexente egiten ziren, baina eskema antzekoa zuten guztiek. Kasu honetan, zertxobait laburragoak egiten saiatu gara, zurruntasuna pixka bat puskatuta. Orain arte aktibatuta ez zegoen publikoa aktibatzeko asmoz.
Saioen antolakuntzan elkarlanean aritu zarete bertso eskolako talde guztiak.
Bai, eta horixe da Hernaniko bertso eskolak daukan aberastasun haundiena. Nahiz eta bertsoa talde ezberdinetan landu, ederra da saioak antolatzeko garaian elkartzea, batera plazaratzeko prestatu duguna. Kantuan aritu diren bertsolari asko hemen inguruan dabiltza astez aste, trama Joxepako kideekin batera egin genuen, Bertso Latako kale antzerkian belaunaldi ezberdinetako kideak elkartu ginen... Oso polita da hori.
Saio asko Tilosetako eskaileretan antolatu dituzue. Leku ona al da bertsotan aritzeko?
Kokapenarekin asko asmatu dugula iruditzen zaigu. Gu joan gara jendea biltzen den lekura, haiek etortzeko beharrik gabe. Zalea den jendeak bertsoak entzuteko aukera izan du, eta gainontzekoek bertan lasai ederrean hizketan jarraitzeko aukera mantendu dute. Bertsozalea izan edo ez, herrian mugimendua dagoela sumatzea edozeinentzat gustagarria dela uste dugu.
Bat aipatzekotan, kebabeko afariak izan zuen oihartzun haundiena.
Ez ohiko leku batean antolatzeagatik zabaldu zen, nahiz eta funtsean bertso afari normal bat izan. Egotearekin lotzen ez den jateko tokia da kebaba, bertsoaren mundutik urrun kokatu daitekeena, baina ederki atera zen guztia. Hala ere, komeni da nabarmentzea ez zela kebab batean egiten den lehenengo saioa izan, Durangon ere egin izan dute.
Arrakasta behintzat izan zuen, gainezka zegoen kebaba.
Giro polita sortu zen, bai. Saioa bera ere erakargarria zela uste dugu, eta ondo islatzen du lehen aipatutako taldeen arteko elkarlana; kantatu zuten bi bertsolariak bertso eskolaren bueltan dabiltza, bertsokera desberdina dute, baina bikain hartu zuten elkar. Hernaniko eskolaren abaniko zabalean dauden bi bertsolari lotzeko modua izan zen.
Hemendik aurrera zein da zuen asmoa?
Jarraipena ematea erraza ez den arren, talde indartsua daukagu. Beti gauza ezberdinak ateratzea zaila da, baina beno, berritzaile edo ez berritzaile, jarraituko dugu saioak antolatzen. Erantzun ona eduki dute prestatutako saio guztiek, eta pozgarria da hori.
Bertsoaz eta musikaz gozatzeko aukera, gaurArratsaldeko 20:00etan hasiko da saio musikatua, Goiz Eguzkiko patioan. Udako egun sargoriaren ondoren, bertsoaz eta musikaz gozatzeko aukera izango da gaur iluntzean Goiz Eguzkin. Hernaniko Paulo Txikiya bertso eskolan antolatuta, saio musikatua izango da bertan. 20:00etan hasiko da saioa, eta lau bertsolari gazte arituko dira kantuan: Emaitz Murua, June Aiestaran, Eki Mateorena eta Julene Iturbe. Musikariak Libe Goenaga eta Markel Oiarzabal izango dira, eta gai jartzaile lanetan Andoni Mujika 'Anatx' arituko da. |