Ate joka dago jada urteko erremonte txapelketarik garrantzitsuena. Larunbat honetan bertan hasiko da Buruz Buruzko Erremonte Txapelketaren 43. edizioa, Galarreta pelotalekuan. Momentuko lau erremontari onenek hartuko dute parte txapelketaren azken fase honetan; Ansa II, Barrenetxea IV, Juanenea eta Azpiroz arituko dira aurrez aurre.
Puntu honetara iristeko, ordea, aurreligaxka luze bat jokatu dute Oriamendiko erremontari gehienek. Ekainaren 27an hasitako partidu sorta horietatik, Azpiroz izan da azken faseko txartela lortu duen pelotaria, atariko partiduan Ezkurra II mendean hartuta (30-24).
Gainontzeko hiru erremontariek iazko txapelketan egindako lanagatik lortu dute sailkapena. Dudarik gabe, Ansa da faborito nagusia. Urnietarrak azken bi Buruz Buruko txapelak jantzi ditu, eta urterik urte bere jokoa bikaintzen doala erakusten ari da aldiro. Ansaren aurkari zuzenena Barrenetxea IV hernaniarra izango da. Puntu onean iritsi da atzelaria Buruz Burukora, kantxan gozatzeko helburuarekin eta inolako presiorik gabe. Barrenetxeak ere ondo baino hobeto daki zer den Buruz Buruko txapela janztea, bitan lortu baitu (2019 eta 2021). Juanenea ez da faboritoaren kartelarekin aterako kantxara, baina kontuan hartzeko moduko aurkaria da, eta partiduak asko gogortuko dizkie aurkariei.
Ligaxkako lehenengo partiduan egungo txapeldunaren eta aurreligaxkako irabazlearen arteko partidua ikusteko aukera izango da. Ansak eta Azpirozek 16:30etan hasiko den jaialdiko bigarren norgehiagokan neurtuko dituzte indarrak.
Ligaxka, finalaurrekoa eta finala izango ditu txapelketak
Txapelketa erakargarria izan ohi da Buruz Burukoa, bizia eta ikusgarria. Formatuak ere emozioa gehituko dio txapelketari, denek denen aurka jokatu beharko baitute ligaxkan. Puntuaketa sistema ondorengoa izango da: 30 tanto eginda 4 puntu, 29 eta 27 tanto artean 3 puntu, 26 eta 24 tanto artean puntu 1, 23 eta 17 tanto artean 0 puntu, eta partiduan zehar 16 tanto baino gutxiago egiten dituen erremontariak -1 puntu.
Ligaxka irailaren 13an amaituko da, eta une horretan erabakiko da zein hiru erremontarik egiten duten aurrera. Lehenengo postuan dagoena zuzenean irailaren 27ko final haundira sartuko da. Bigarren eta hirugarren postuan daudenek, ordea, irailaren 20ko finalaurrekoa jokatu beharko dute. Laugarrena kalera doa zuzenean.
Urriza gabeko Buruz Burukoa
Aurtengo txapelketaren beste berezitasun bat Javier Urrizaren hutsunea izango da. Dagoeneko erretiroa hartu du erremontari iruindarrak, eta hainbeste urtean Buruz Buruko onenen artean egon ondoren, zaleek nabarituko dute bere falta.