Abuztuaren 30ean jokatuko da aurtengo presoen aldeko Futbol 7 Txapelketa. Egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.
Gutxienez 7 kide izan behar ditu talde bakoitzak, eta hiru modu daude apuntatzeko: Garin Herriko Tabernako zerrendan apuntatuta, 608 74 52 67 telefono zenbakira idatzita edo @futbol7hernani instagram kontura mezu bat bidalita.
Txapelketako lehenengo eta bigarren sailkatuek otordu bana irabaziko dute, eta finala ikusten geratzen direnen artean beste bat zozketatuko dute.
Futbol txapelketan bakarrik parte hartzen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte; bazkarira bakarrik doazenek 12 euro; eta bietan parte hartzeko asmoa dutenek 15 euro.
Bazkaria Atsegindegin izango da, eta luzea izango da arratsaldea. Musikarekin ez ezik, zozketarekin ere girotuko baitute festa. Herriko komertzioetako produktu ugari lortzeko aukera izango da.
«Txapelketa, pintxoak, taberna, bazkaria, musika, zozketak... Ez galdu aukera, presoak etxera!».