Iaz egin bezala, udako bertso saioa antolatu du Hernaniko Paulo Txikiya bertso eskolak. Bihar bertan izango da emanaldia, arratsaldeko 20:00etan hasita, Goiz Eguzkiko patioan.
Emaitz Murua, June Aiestaran, Eki Mateorena eta Julene Iturbe arituko dira kantuan, bertso eskolako kideek prestatutako gaiei erantzunez. Musikaren ardura, aldiz, Libe Goenagarena eta Markel Oiartzabalena izango da.
Izan ere, iazkoarekin alderatuta, gehigarri bat izango du gaurko bertso saioak: zuzeneko musika. Bertsolarien jarduna antzekoa izango bada ere, doinu jakin batzuen gainean inprobisatu beharko dute gaurkoan.
Giro atsegina sortu ohi da gisa honetako saioetan, eta Goiz Eguzkiko patioa ezin aproposagoa da kontzertu itxurako bertso saioa egiteko.
Urtebeteko zikloa osatu du bertso eskolak
2024ko abuztuan ekin zion Hernaniko bertso eskolak hilabetean saio bat antolatzeko erronkari. Esan eta egin. Formatu ezberdineko saioak izan dira denbora tarte honetan: jaialdiak, bertso trama, Kebabeko bertso afaria, Tabernetako Txapelketa... Maila, estilo eta eremu ezberdinetako bertsolariekin osatu dituzte saioetako kartelak, eta bertsozaleen erantzuna paregabea izan da.
Jendea gustura dagoela ikusita, saioak maiztasun antzekoarekin antolatzeko asmoa dute.