Hernaniko Udalak aditzera eman du, abuztuko asteazken goizetan ere, izango dutela zertaz gozatu 65 urtez gorako herritarrek, doan. Bihar izango da aurreneko saioa, eta ez da nolanahikoa izango, izan ere, 'Intocable' filma ikusteko aukera izango dute Biterin, goizeko 10:00etan hasita.
Datorren asteazkenerako, berriz, ongizate fisikoa lantzeko ekintzak antolatu dituzte, Jarduera Fisiko eta Kirol sailaren laguntzarekin. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin. Hileko hirugarren asteazkenean, mahai jokoetan jokatzeko aukera izango dute gure helduek, Karabelgo Belkara auzo elkartean. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua Atsegindegin, bertatik denak elkarrekin abiatzeko Karabelera. Eta azken asteazkenean, hilabeteari errematea emateko, Chillida Leku museoa bisitatuko dute. Udalak jakinarazi du plazak mugatuak direla, eta beraz, irteera honetara joateko izena eman beharko dutela interesatuek; abuztuaren 12tik 20ra bitartean, Biterira bertaratuz edota 943 57 54 31 telefonora deituta. k