Lehen sektorean laneratzea sustatzeko, Nekazaritza Eskola

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 5a, 00:00

Uztailaren 15ean egin zuten aurkezpena, Iturolan.

Proiektua gauzatzeko, Hernaniko Udalak ere ekarpen ekonomikoa eta azpiegiturak jarri ditu eskuragarri.

Uztailaren 15ean, Elkar Ekin Lanean egitasmoaren aurreneko ibilbidearen aurkezpena ospatu zuten Hernaniko Burujabetzen Etxean, eta ibilbidea Nekazaritza Eskolarena izanik, hitza hartu zuten, besteak beste, Koldo Peciñak (Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia), Patxi Ibargurenek (Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehendakaria) eta Henaseko zenbait kidek.

Aurkezpenean, Koldo Peciñak hartu zuen hitza Elkar-Ekin Lanean estrategiaren helburuak zeintzuk diren aipatuz: «enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortzea, Gipuzkoako enplegu ekosistema osoa inplikatuz, eta Elkarlaneko Gobernantzaren ereduaren bidez; desberdintasuna murriztu nahi da, enplegagarritasunaren eta aktibazio inklusiboa baliatuz. Era berean, Gipuzkoa mailako estrategia bat izanik ere, ezinbestekoa da eskualde bakoitzeko enplegu ekosistema eta eragileekin elkarlanean, bakoitzeko errealitatera egokitutako ibilbideak aktibatzea». 

Segidan, Ibargurenek azaldu zuen,  eskualdeko sareak garrantzi gero eta handiagoa duela, «bertan proposatzen diren proiektu guztiek bi helburu nagusi dituzte: batetik, pertsonen enplegagarritasuna lantzea, laneratzea lortzeko asmoz; eta, bestetik, hori lurraldeak dituen lan-beharrekin uztartzea». 

 

Nekazaritza Eskola, lehen  sektorean laneratzea sustatzeko

Aurkezpenean azaldu zuten, Nekazaritza Eskolek helburu bera dutela: «zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak lan-munduratzea, lehen sektorean oinarritutako prestakuntza baliatuz, eta era berean lehen sektorearen erronkei ere erantzunez». 

Egitasmoak eskualde mailako ikuspegia duenez, Beterri-Buruntza Mankomunitatea ari da sustatzen, eskualdeko enplegu sozialaren sarearen dinamizatzaile den aldetik. Era berean, Henaseren gidaritzari esker, lehen sektoreko eragileen parte-hartzea areagotu da, eta sektorearen premiak kontuan hartuta garatu da prestakuntza.

Formakuntza prozesuak lau hilabeteko iraupena izango du; bi talde formatu dira; aurrenekoak ibilbidea amaitzear du; eta bigarrena, ekainean hasi zen. Formakuntza teoriko praktikoak direnez, Hernaniko Burujabetzen Etxean eta Karabeleko baratzean eskaintzen dira, Henaseko hezitzaileen eta Hazi fundazioaren eskutik.  Henaseko ekoizle profesionalek ere parte hartzen dute saio espezializatuen dinamizazioan. Ondoren, eskualdeko ekoizpen-eremua lehen eskutik bizi eta ikasitakoa praktikan jartzeko, hilabeteko praktikaldia egiten dute Henaseko etxaldeetan.

Egitasmo hau gauzatzeko, Beterri-Buruntza Mankomunitateak hitzarmenak sinatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Henaserekin, eta Hernaniko Udalak ere ekarpen ekonomikoa eta azpiegiturak jarri ditu eskuragarri: «Guztira, 95.422 euroko aurrekontua du eskolak 2025erako». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!