Plan polita prestatu du Chillida Leku museoak, aste honen bigarren zatirako. Ostegunetik larunbatera bitarte, egunaren bukaera ezberdina izango da bertan: museoa ilunabarrean bisitatzeko aukera izango dute bisitariek, eta zineaz aire librean gozatzeko aukera ere bai, ondoren. Izan ere, zine gauak prestatu ditu Chillida Lekuk, beste urte batez.
Planaz gozatu nahi duten horientzat, zehazki, arratsaldeko 19:00etan irekiko dituzte museoko ateak. Horrela, ilunabarraren argi berezi horrekin bisitatu ahal izango dituzte Chillida Lekuko eskulturak eta txoko ezberdinak, edota museoko zelaietatik paseatu.
Eta ondoren, 22:00etan hasita, pelikula bat jarriko dute hiru egun horietako bakoitzean. Ostegunean, Marcel Barrenak zuzendutako 'El 47' filma jarriko dute, 1978ko Bartzelonan kokatutakoa. Ostiralean, berriz, 'Érase una vez mi madre' eskainiko dute, Ken Scott zine zuzendariarena, 1963ko Parisera eramango gaituena. Eta larunbatean, azkenik, 'El monje y el rifle' izango da ikusgai, Pawo Choyning Dorjirena, 2006an Bhutanen gertatutako istorio bat ekarriko diguna.
Filmak eroso ikusteko, hamakak jarriko ditu museoak bisitari guztien eskura, eta beroki, manta edo antzekoren bat eramatea ere gomendatu diete, badaezpada ere.
Gainera, Lurra Cafe jatetxeak piknik bat eskainiko du aire zabaleko gauerako, menu eta pack ezberdinekin.
Hiru gau horietarako sarrerak eskuragarri daude museochillidaleku.com webgunean. Sarrera arrunta 16 euroan dago salgai, eta museora ilunabarreko bisita eta filma daude prezioaren barruan. Urteko abonua dutenek, 12,8 euroan eskuratu dezakete. Webgunean bertan eskuratu daiteke baita ere, behin sarrera aukeratuta, Lurra Cafek eskainitako menu edo pack horietako bat: palomitak eta edaria 5 euroan; ogitartekoa eta edaria 9 euroan; eta palomitak, ogitartekoa eta edaria 12 euroan.
Ensemble Diatessaronen kontzertua, igandean
Iganderako ere jarri du beste hitzordu berezi bat Chillida Lekuk. Izan ere, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua izango da museoan, arratsaldeko 20:00etan hasita: Ensemble Diatessaron taldea ariko da bertan, musika barrokoa eta errenazentista oinarri duena. Horretarako sarrerak quincenamusical.eus web orrian daude eskuragarri.
ZINEA AIRE LIBREAN, CHILLIDA LEKUN
Filmak kontatzen du disidentzia baketsuko ekintza baten eta 1978ko auzo-mugimendu baten istorioa, Bartzelona eraldatu eta bertako auzo pobreen irudia aldatu zuena. Manolo Vital autobus gidariak 47. linearen jabe egin zen Udalaren gezur bat desegiteko: autobusak ezin zirela igo Torre Baro auzora. Keinu horrek aldaketa bultzatu zuen; Bartzelona modernoa eraikitzen lagundu zuen, auzo-harrotasunaren eta langile-borrokaren ikur bilakatuta.
'ÉRASE UNA VEZ MI MADRE'
'EL MONJE Y EL RIFLE' |