Hernanik seigarren amaitu du Ondarroan eta itxaron egin beharko du bigarren txandan lehiatzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 4a, 00:00

Maialen traineruak seigarren amaitu zuen Ondarroako estropada. Argazkia: Jose A. Rodriguez.

Isuntzak bosgarren amaitu zuen eta Maialen traineruak ez du lortu sailkapen nagusian postu bat irabaztea. Hala ere, estropada txukuna egin zuten arraunlari hernaniarrek.

Abuztuko lehenengo estropadan Hernani Arraun Elkarteak seigarren amaitu zuen Ondarroako uretan, larunbatean ETE Ligan. Lekeitioko Isuntza ontzia bosgarren izan zen eta beraz Hernanik itxaron egin beharko du bigarren txandan lehiatzeko. Sailkapen nagusian lekittarrek bi puntuko aldea dute hernaniarrekiko.

Hala ere, Maialen traineruak estropada ona osatu zuen Ondarroan. Lehenengo txandan lehiatu zen, Camargo eta Portugaleteren aurka eta hernaniarrek erraz lortu zuten garaipena txanda honetan. Ziabogan sei segunduko aldea zuten bizkaitarrekiko eta 22 segundu, Kantabriako traineruarekiko. Helmugan aldea gehitu zuen Hernanik (11:38.76) eta 12 segundu atera zizkion Portugaleteri eta 45 segundu Camargori.

Hernaniarrek bigarren txandan zuten begirada jarrita eta hor Ondarroa etxeko trainerua, Isuntza eta Deusto lehiatu ziren. Ziabogan hirurek hobetu zuten Maialenen denbora bederatzi, sei eta bost segundutan, baina helmugan desabantaila murriztu eta Deusto (11:44) gainditzea lortu zuen. Ondarroak (11:22) irabazi zuen txanda eta Isuntza (11:30) zortzi segundu aurretik sailkatu zen. Itsasoan ere ongi moldatzen dira ondarrutarrak eta lekittarrak eta nabaritzen da itsasoko estropadetan.

Estropada hirugarren txandako San Juanek (11:04) irabazi zuen, Zarautzekiko (11:07) hiru segunduko aldea lortuz. Kaiku izan zen hirugarrena (11:15). Denborak erakusten dute aldeak murrizten ari direla traineruen artean eta Liga irabazteko borroka ikusgarria izaten ari da sanjuandarren eta zarauztarren artean. Hamaika estropada jokatu eta gero Zarautz da liderra 92 punturekin eta San Juan bigarrena, 91 punturekin. Bosna bandera irabazi dituzte eta Kaikuk beste garaipen bat lortu du.

Datorren astean bi estropada jokatuko dira, biak ere ur geldoetan. Larunbatean Camargon izango da estropada eta igandean berriz, Urumeako ibaian jokatuko da hamahirugarren estropada. Egutegia hamasei estropadek osatzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!