Kaleko janari postuak jartzeko lehenengo ordenantza indarrean dago

Kronika - Erredakzioa 2025ko abu. 2a, 00:00

Kaleko janari postuentzako lehenengo ordenantza indarrean jarri da.

Urtean zehar Hernanin halakorik jarri nahi dutenek, abuztuaren 28a arte izango dute eskaera egiteko epea irekita.

 

Hernaniko Udalak kaleko janari postuak jartzeko (janari-furgonetak edo aldizkako kaleko janari-postuak) sortu duen lehenengo ordenantza indarrean dago pasa den asteartetik. Hori dela eta, 2025ean Hernaniko udalerrian gisa horretako janari-salmenta postuak jartzeko interesa izan dezaketenek abuztuaren 28a arte aurkeztu dezakete eskaera.

Aurkezten diren proposamenekin zerrenda osatuko da eta udalerrian kaleko janari-salmenta postuen beharra edo eskaera dagoenean, zerrenda horretan daudenei emango zaie jartzeko aukera, hurrenkeraren arabera.

Eskaerak Herritarren Harrera Zerbitzuan edo erregistro telematiko bidez (www.hernani.eus) aurkeztu beharko dira.

Zerrenda osatzeko hainbat irizpide hartuko dira aintzat

Zerrenda honen bidez, urtean zehar Hernanin egon daitezkeen ekimenetan zein beste momentuetan gisa honetako zerbitzuak jartzeko beharrak eta eskaerak bideratuko dira: sanjoanak, inauteriak edota Euskal Jaiak, esate baterako.

Zerrenda osatzeko hainbat irizpide aintzat hartuko dira: zerbitzua euskaraz ematea; gizarte-ekonomiako erakunde izatea; ekoizle propioa izatea; Hernaniko jarduera ekonomikoa izatea; emakumeen presentzia lantaldean; Hernaniko ekoizleen produktuak edo produktu ekologikoak nagusitzea edota enbalajerik ez erabiltzea.

Azken urteetan Hernanin gisa honetako janari-furgonetak jartzeko baimen eskaerak gehitu direnez, Udalak egoera ordenatzeko premia sentitu du «sentsibilitate ezberdinak kontuan hartuta: herritarrenak, bizilagunenak, dendarienak, ostalarienak, saltzaile ibiltarienak eta kontsumitzaileenak».

Informazio gehiago nahi izanez gero Plazara gunean, Merkataritza sailean, lortu daiteke Gudarien plaza, 5 helbidean, baita 943 33 70 28 telefono zenbakian edota merkataritza@hernani.eus helbide elektronikoan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!