Maialen traineruak gaur Ondarroan estropada berri bat jokatuko du, hamaikagarrena, ETE Ligaren barruan. Hernaniarrak zazpigarren daude sailkatuak, Isuntza seigarrenarengandik puntu bakarrera. Gaurko helburua lehenengo txanda irabaztea izango da eta puntua jatea. Horrek aukera emango lioke datorren estropada bigarren txandan jokatzeko. Estropada 12:00etan hasiko da eta Hernani, Portugalete eta Camargoren txanda berean joango da.
Asier Ocon entrenatzaileak itsas zabaleko estropadak gogoko ditu eta Ondarroakoak horretarako aukera eskaintzen du. «Traineruak itsasorako daude diseinatuak eta estropadak txandaka, bata bestearen ondoan, izatea ikusgarriagoa da ikuslearentzat eta arraunlariarentzat». Hernani gainera, itsas zabalean estropada onak egindakoa da aurten. «Lekeition estropada ona burutu genuen. Motibazioa oso altua da. Emaitza onak ari gara lortzen eta gero eta gertuago gaude aurreko postuetatik». Azken estropadaten hernaniarrek aurrera pauso garrantzitsua eman dute eta hirugarren postutik ez daude urruti. «Oso gertu geratu gara».
Emaitza aipagarri horien atzetik harrobiko lan haundia dago eta aurten ere jo ta su aritu dira arraunlariak prestaketa lanetan Asier Ocon, Erik Gonzalez eta Asier Martin. Oconek jubenilak eta seniorrak entrenatzen ditu eta Gonzalezek eta Martinek kadeteen eta infantilen ardura dute. Aurtengo batel denboraldia ongi joan da. «Iraileko bigarren astean hasi ginen entrenamenduekin eta urtarrilera arte entrenatu eta gero, estropadak hasi ziren», diote Gonzalezek eta Martinek.
Harrobiko lan onak, emaitzak
Denboraldi gora-beheratsua izan da aurtengoa jende aldetik gazteen entrenatzaileek diotenez. «Lau infantil izan ditugu eta oso txukun aritu dira. Federazio Kopa irabazi zuten Gipuzkoako txapelketan», bosgarren batelik hoberena izatea lortuz. Kadeteetan berriz zorte txarra izan zuen Hernanik. «Bi-hiru lesio izan genituen abenduan eta horrek bi batel izan beharrean, hasieran bakarra uretaratzea suposatu zuen. Hala ere, denboraldi txukuna osatu zuten lesiotik arraunlariak errekuperatu eta gero». Erik Gonzalezek nabarmendu nahi du alebinen kopurua. «Alebin asko izan ditugu, eskola kirolaren barruan daude eta estropadak egin ez arren poztekoa izan da arrauneko oinarriak hartzeko».
Hiru entrenatzaileak ados daude esaterakoan negua zaila izan dela entrenamenduak behar bezala osatzeko garaian. «Seniorrek trainerua prestatu dute hasieratik. Jubenilek batel bat osatu dute eta gero trainerila ere bai. Hala ere helburua beti izan da trainerua, nahiz eta negua ez den erraza izan prestaketa aldetik. Hori gero hasierako emaitzetan nabaritu da», azpimarratzen du Oconek.
Motibazioa, giltzarri nagusia
Arraunlariek duten motibazioak oztopo guzti horiek gainditu ditu Oconen esanetan. «Bagenekien hasiera sufritu gingo genuela. Ekainean asko ikasten zeuden, talde motza izanik uztailean kanpotik arraunlariak ekarri genituen eta taldera egokitu behar dute. Konfidantza ere behar izaten da eta pixkanaka lortu dugu. Abuztua hilabete polita izango da hobekuntza ikusi dutelako arraunlariek».
Aurreko postuak gertu dituzte ETE Ligan. «Laugarren postuak ihes egin digu estropada batzutan ehunenekoengatik». Abuztuan hiru estropada itsas zabalean izango dituzte eta eskertzen dute. «Ondarroan, Castron eta Zarautzen. Beste gauza bat da».
Kataluniatik eta Valentziatik bi arraunlari ekarri ditu Hernanik. «Hirugarren urtea du gurekin Maria Salvador valentziarrak eta aurreneko urtea Marta Martí kataluniarrak». Orioko Arraun Elkartearekin ere harreman ona du Hernanik eta Orioko arraunlari pare bat ari dira Maialen traineruan arraunean. «Bertan entrenatzen dugu eta Orioko traineruan ezin dutenez arraunean egin, gurekin ari dira. Gaur egun Orioko traineruan dabiltzan hiru arraunlari gurekin arraun egindakoak dira», gaineratzen du Oconek.
Hernaniren ikur nagusietakoa gaztetasuna da eta hori ere azpimarratzekoa da entrenatzaileak dioenez. «Isuntzarekin batera trainerurik gazteena gara. Sei jubenil ditugu tostetan. Eta horrek ongi hitzegiten du egiten ari garen harrobiko lanaz. Beste lau senior lehenengo urtekoak dira. Beraz 10 arraunlari ditugu 17-18-19 urtekoak. Erreferentzi bat dira harrobiko arraunlarientzat eta hori oso garrantzitsua da».
Gero eta mutil gutxiago arraunean
Asier Oconek mutilen falta gehitu nahi du. «Pena da, baina ez da Hernaniri bakarrik gertatzen zaion zerbait. Arazo orokorra da. Batel ligan esaterako nesken 20 batel zeuden kadete mailan eta mutilenak zortzi. Gero eta mutil gutxiagok egiten du arraunean. Iceberg bat bezala ur azpian dago gehiena eta arazoa ez da ikusten edo ez dute ikusi nahi».
ARC2 mailan sei traineru bakarrik daude. Beheko mailetan arraunlari gutxi egon arren, senior izanda beste kiroletatik arraunlari berriak sortzen ziren garai batean, harrobitik baino gehiago klub askotan. «Emari hori ere agortu da», diote hiru entrenatzaileek. «Beste kiroletatik eratorrita ez da arraunean ia inor hasten. Konpromezua gutxik hartu nahi dute. Nahiago dute gazteek gimnasioan 'gorputza lantzen' egon, lehiaketarik gabe. Kirola ezberdinak egiteko ere aukera gehiago dago. Kontzeptua aldatzen ari da eta asteburuak askorentzat sakratuak dira, baina ez kirola egiteko».