Hernaniko Udaleko Plenoak ez zuen pasa den asteartean herritar talde baten mozioa onartu, Euskal Errepublikaren alde. Horren ordez, Gobernu taldeak aurkeztutako beste mozio bat onartu zen Euskal Errepublikaren alde, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen,. PSE-EEk kontra bozkatu zuen eta Elkarrekin-Podemos mozioaren puntu batzuen alde eta besteen kontra agertu zen.
Itsaso Lekuona zinegotziak irakurri zuen mozia: «Hernaniko Udalak aldarrikatzen du lehenik Espainia eta Frantziako Estatuen aurrean beste estatus politiko bat bultzatzea. Euskal Herria sujetu juridiko-politiko gisa eta euskal herritarrek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko duten eskubidea modu eraginkorrean aitortzeko. Gaur egun Euskal Herria osatzen duten hiru errealitate politiko-administratiboetatik abiatuta, bakoitzaren borondate kolektiboak errespetatuz. Bigarrenik espainiar Konstituzioaren erreformak funtsezko gai hauek jaso behar dituela aldarrikatzen dugu. Espainiar Estatuaren forma politikoa aldatzeko aukera eta errepublikaren aukera gehitu. Espainiar Estatuaren nazioanitzeko izaera aitortzea eta ondorioz herriek duten erabakitzeko eskubidea. Eta azkenik, Euskal Herriak demokratikoki eta bere borondatez estatus politiko berria adosteko egin behar duen prozesuan, espainiar Estatuak oztoporik ez jartzeko bermeak artikulatzea».
Euskal Errepublikaren inguruan aurkeztu zen mozioaren inguruan esan behar da, Ehun mugimendua martxoan desegin zela eta beraz, mozioa herritar talde baten izenean iritsi zen Plenora eta Kontxita Beitiak irakurri zuen: «Espainiar eta Frantziar Estatuen parte garen bitartean ezin izango dugu herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera. Ondorioz, Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako eta eskubide guztiak denontzat ziurtatzeko derrigorrezko erreminta dugu. Guzti horregatik Udal honek bere burua Euskal Errepublikaren parte dela onartzea nahi dugu. Ausartu zaitezte libre izatera. Ea zuen bozek herri libre bat amestetik herri libre bat izatera eramaten gaituzten». EH Bildu, abstenitu egin zen, eta beste taldeek —EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk— aurka bozkatu zuten.
EH Bilduk argudiatu zuen, Itsaso Lekuona zinegotziaren hitzetan, horrelako aitortza bat egiteko baldintzak landu egin behar direla eta «horretarako gehiengoak artikulatzea beharrezkoa da. Bat egiten dugu edukian eta eta Euskal Errepublikara eramango gaituen bideorri eraginkor bat uste dugu behar dugula. Prozesu bat abiaraztea derrigorrezkoa da eta baldintza horiek sortzeko pausoak eman behar dira. Horregatik, horrelako mozioek instituzioak mugiarazten dituzte eta onartzeko baldintzarik ikusten ez dugun arren, beste mozioa aurkeztu dugu».
Musika Eskolako zuzendaritza berria onartu da
Bestetik, Hernani Musika Eskola Publikoko Zuzendaritza taldea berritzea onartu zen aho batez. Roberto Pacheco izango da zuzendari berria eta Iñaki Eguren idazkaria. Ikasturte berriarekin batera hasiko dira lanean. Axier Mingo Hezkuntza zinegotziak Ana Martinezek eta Lurdes Alkortak osatutako aurreko zuzendaritza taldeari «eskerrak» eman zizkien.
Mikel Gurutzeaga, EAJko bozeramaile berria
Eskari-galderetan, Andoni Amonarraiz zinegotziak jakinarazi zuen EAJ-PNVren bozeramaile izateari utziko diola. Zinegotzi izaten jarraituko du, baina bozeramaile lanak Mikel Gurutzeagak egingo ditu.