Ondo baino hobeto aprobetxatu zuten atzoko jai eguna bailarako herritar ugarik. Uztaila bukatzearekin batera, San Inazio egunez, festa ederra izaten da Santa Barbaran, eta aurtengoan ere giro polita sortu zen ermita azpiko eremuan. Gainera, beldurra bazegoen ere, eguraldiak eutsi zion.
Goizeko 11:00ak aldera hasi ziren goiztiarrenak Santa Barbarara igotzen, Eider Garro eta Elaia Diaz trikitilarien saioa hasi eta segituan. Eguerdirako bertaratutakoek sagardo botilak ustutzen hasi ziren.
Omenaldia eta lore eskaintza egin zituzten lehenik Indiori eta Atarrabiyori, bertso eta dantzarekin. Eguerdian, berriz, meza izan zen Santa Barbarako ermitan bertan.
Bertsotan jardun ziren Maialen Lujanbio eta Andoni Rekondo eguerdian eta bazkalostean. Unai Agirrek ondoezik, Rekondori pasa zion lekukoa.
Jende gehiena 13:00ak aldera igo zen festa eremura, orduan hasi baitzen bailarako gazteen arteko herri kirol proba. Kimetz Oinederrak (aizkoran), Oihana Fernandez de Barrenak (aizkoran), Elene Alkortak (harrijasotzen) eta Beñat Atxagak (txingekin) osatu zuten lehenengo taldea, eta Laiene Pikabeak (aizkoran), Igoin Pikabeak (aizkoran), Enara Arrutik (harrijasotzen) eta Ioritz Iribarrek (txingekin) osatu zuten bigarren taldea. Oso parekatua izan zen bi taldeen maila eta ikuskizun ederra eskaini zuten.
Postuak postu, pozik amaitu zuten eguerdia zortzi gazteek, eta ondo izerditu ondoren jaitsi ziren Elutxetako herri bazkarira.