«Giro bikaina eta saltsa izaten zen Santa Barbaran, San Inazio egunean»

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 31a, 00:00

Juan Miguel Urulain 'Larrabide' eta Joxe Antonio Tapia.

Juan Miguel Urulain 'Larrabide' eta Joxe Antonio Tapia urte askotan izan ziren protagonista herri kiroletan: «Oso herrikoiak izan dira saioak».

 

San Inazio egunez Santa Barbaran ospatzen den festak hernaniarren bihotzetan txoko berezia du. Aurten ere gaur ospatuko da eta bazkalosterarteko egutegia prestatu dute. Trikitilariak, meza, lore eskaintza, Indiori eta Atarrabiyori omenaldia izango dira lehenik eta ondoren etorriko dira bertsolariak eta herri kirolariak. Aurten Maialen Lujanbio eta Unai Agirre arituko dira bertsotan eta herri kirolen barruan, aizkolariak izango dira protagonista. Santa Barbara jatetxea itxia dago eta gosaria eta hamaiketakoa norberak eraman behar du. Sagardoa eta ura jarriko dute salgai. Ondoren bazkaltzera jaitsiko dira Elutxetara eta bertan jarraituko du giro beroak. 

San Inazioetan urte askotan protagonista izan dira Joxe Antonio Tapia eta bere koinatua den Juan Miguel Urulain 'Larrabide'. Gutxi izango dira beraiek baino hobeto festa ezagutzen dutenak eta herri kirol saioa urteetan zehar jokatu baldin bada beraiei esker izan da. «Urteren bat kenduta beti aritu nintzen parte hartzen» dio Larrabidek. «Hamabi bat ibiltzen ginen eta gero beste asko ere jardun dira: gu biak, Arozamena, Arretxe, Roxario Pikabea, andoaingo Arbitza, Larra, Lekuona, Errandonea, Zugasti, Pakito, Kinito, Antton Guardi, Imanol 'Paolla', Josu Iradi 'Istubei', Barrenetxeatarrak, Suharri, 'Elutxeta'...», gogoratzen du Tapiak. 

Erakustaldiak bakarrik ez, «tema izaten zen, serio aritzen ginen. Kolpe bateko edo biko aldeak dena emanda. Desafioak izaten ziren, binaka batzuetan, banaka bestetan», dio Larrabidek. Hernaniarrak gogoan du oraindik duela 45 urte Roxario Pikabearen aurka elkarren kontra aritu zirenekoa. «Jendetza biltzen zen Santa Barbaran. Giro ikaragarria izaten zen», azpimarratzen du oroiminarekin Larrabidek. «Pikabearen aurkakoaren aurretik ibili nintzen Santa Barbaran partehartzen».

«Nire lehenengo saioa desafioa izan zen. Arretxe eta Pikabea, gu bion aurka. Galdu egin genuen, baina kolpe baten aldearekin», Tapiak gogoratzen duenez. 

Sustoak ere izan dira. «Urte batean Arbitzari aizkorak aldegin zion eta ume bati hankan ebakia egin zion». 

Tapiak dioen bezala «orduan afizioa zegoen. Gu maila xumeko herri kirolariak ginen, baina gure artean pikea sortzen zen». Gainera beraiek ibiltzen ziren antolaketa lanetan. «Goizean goiz egur bila joaten ginen goardarekin. Pinu zikina, gutxirako balio zuena, mozten genuen zuloren batean eta bizkar gainean hartu eta Land Rover-era igotzen genuen. Gero Santa Barbarara igo eta bertan garbitu, josi eta prestatzen genituen egurrak, gosaldu aurretik», aipatzen du Larrabidek. «Azken urteetan Udalak eraman ditu kamioiarekin».

Larrabidek orain hamar urte utzi zion parte hartzeari. «Nik aurretik utzi nuen», baieztatzen du Tapiak. «Gero errebantxa Santiomendin egiten genuen», gaineratzen du. «Oso herrikoia izaten zen. Bertakoen arteko saltsa bilatu izan da gehiago. Hala ere urte batzuetan Olasagasti eta Arrospide izan dira erakustaldian».

 

EGITARAUA

SAN INAZIOAK-SANTA BARBARA

GAUR

11:00: Trikitilariak. Elaia Diaz Beroz eta Eider Garro Iraola.

11:30 Lore eskaintza.

11:45 Omenaldia.

12:00 Meza.

13:00 Bertso saioa. Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.

13:00 Herri Kirolak. Igoin Pikabea-Laiene Pikabea, Elene Alkorta-Enara Arruti, Beñat Atxaga-Ioritz Iribar eta Kimetz Oinederra-Oihana Fernandez de Berran.

14:30 Herri bazkaria Elutxetan. Fritoak, bakailu tortila, entsalada mixtoa, kostila, postria aukeran, kafia. 30 euro. Enkargatzeko 676 558 696. Bertsolariak eta trikitilariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!