Hernani Arraun Elkarteko Maialen traineruak bosgarren amaitu zuen igandean, Santurtziko Ikurrinean eta ETE Ligako bosgarren trainerurik onena izan da estropada batean baino gehiago. Beste aurrepausoa eman dute neskek. Asier Ocon entrenatzailea pozik ageri da taldeak Bizkaian egindako lanarekin. Gainera, laugarrenarengandik hiru segundutara iritsi zen helmugara.
«Estropada oso txukuna egin zuten neskek. Gure asmoa, hasiera-hasietatik estropada haustea izan zen. Hau da, irteera indartsua egin, estropada burua hartu, eta ziabogaraino egoera horri eutsi. Garrantzitsua ere, bira hartu ondoren bigarren sailkatuari sei-zazpì segunduko aldea ateratzea, era horretan, azken luzea, nahi genuen kaletik itzultzeko aukera izango baikenuen».
Aurten lehen aldiz, taldeak, kale zozketan, zorte apur bat izan zuen; baita aprobetxatu ere. «Baina dena ez da zorte kontua, ur gainean lana ondo egin behar da», azpimarratzen zuen entrenatzaileak. «Eta neskek hori egin zuten. Ibilbide ia perfektua gauzatu zuten, arraunkera oso txukun eta sakonean oinarrituta. Jada, aste batzuk badaramatzagu, pausoz pauso, goranzko norabidean, eta hori pozteko albistea da».
Larunbatean Ondarroan itsasoko estropada
Datorren larunbatean, abuztuak 2, eguerdiko 12:00etan, Ondarroan lehiatuko da Hernaniko Maialen trainerua. “Itsasoko estropadak beti dira bereziak”, dio Oconek. “Estropada polita izango da, eta taldearen helburua, gure tanda irabazi, eta ea estropadaren amaieran bigarren tandara salto egiten dugun”.
Une honetan, neskek, sailkapen nagusian, aurretik, Isuntza taldea dute. Lekeitiarrek, 36 puntu dituzte, hernaniarrek, berriz, 35. Puntu bakarra dago bi traineruen artean.
Taldearen nahia gauzatuz gero, pauso oso haundia litzateke hurrengo estropadan (Camargon) bigarren tandan aritzea. Hernaniko Arraun Elkarteak dei egiten dio herriari, datozen estropadetan, taldea animatzera hurbildu dadin