Uztailean zehar Papelera Zikuñaga txapelketa jokatu da Hernaniko kiroldegiko frontoian. 35 klubetako 160 pilotarik hartu dute parte eta hiru astetan kanporaketak jokatu eta gero, gaur eta bihar izango dira finalak.
Kategoria ezberdinetan jokatu dira partiduak. Honela, nesketan bi maila izan dituzte: Nagusiak elite maila eta 14-16 urte bitarteko maila. Mutiletan berriz kategoria gehiago izan dituzte: Nagusietan elite eta urre mailak jokatu dira. Jubeniletan urrea eta zilarra mailak izan dira, kadeteetan bezala. Beraz, guztira zortzi kategoriatan jokatu da txapelketa: sei mutiletan eta bi nesketan.
Lehenengo finala gaur 17:00etan jokatuko da eta kadete zilar mailakoa izango da. Bertan Gorostidi eta Oreja, gorriz, Clavijo eta Estensororen aurka lehiatuko dira. Ondoren, 14-16 urte arteko nesken txanda etorriko da. Araitz Legarreta aranoarra eta Larraitz Galardi oiartzuarrak, Alize Sagardui goizuetarra eta Uxue Gomezen aurka jokatuko dute. Hirugarren finala urrezko jubenil mailakoa izango da. Bertan, Izagirrek eta Azpeitiak, Sagastibeltza eta Beroz izango dituzte aurkari. Azkenik gaurko finalak itxiko dituen partidua nagusien urrezko mailari dagokiona izango da. Gorostidi-Sudupe bikoteak, Iraeta-Labaka bikotearen aurka jokatuko du.
San Inazio egunez ere, finalak
Bihar San Inazio egunean, azken lau finalak jokatuko dira, goizeko 10:00etan hasita. Labaka-Ancizar bikoteak kadete urreko txapela eskuratu nahiko du Baleztenaren eta Ilarramendiren aurka. Bigarren finala jubenil zilarra mailakoa da eta Iparragirrek eta Gonzalezek, Alejoren eta Elolaren aurka jokatuko dute. Emakumezko nagusietan ondorengo bikoteek jokatuko dute finala, eguneko hirugarrena: Ibarrola-Bertiz, Mendizabal-Zabaletaren kontra. Eta aurtengo txapelketa amaitzeko zortzigarren eta azken finala jokatuko da bihar eguerdian. Gizonezko nagusien elite mailakoa izango da eta Landa-Bernaola bikoteak, Cestau eta Lizeaga izango dituzte aurrez aurre.