Pintaketa larriak azaldu ziren atzo goizean, Tilosetako frontoiaren bi paretetan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren eta Ertzaintzaren kontrako irainak eta mehatxuak idatzi zituzten bertan: 'Vicente Zupiria txakurraren jabia, hilda hobeto'; 'ertainak borroka, tiro en la boka'; edota 'ertzaina exterminio', besteak beste.
Gertatutakoaren aurrean, pintaketak gaitzetsi dituzte Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen atzo bertan, eta adierazi du halako ekintzak «onartezinak» direla, eta ez daukatela lekurik udalerrian. Era berean, bere «babesa eta elkartasuna» adierazi die pintaketetan mehatxatutako pertsonei. Horrekin batera, ohiko protokoloa martxan jarri eta pintaketak berehala ezabatzeko agindua eman zien udal zerbitzuei. Dagoeneko ezabatu dituzte denak.
Imanol Pradales lehendakariak, bere aldetik, adierazi du «oso larria» dela gertatutakoa, eta horrelako ekintzak «onartezinak» direla «gizarte demokratiko batean». Eider Mendoza diputatu nagusiak ere gaitzetsi egin ditu pintaketak, eta azpimarratu du «guztion ardura» dela horrelako mezuak normalizatu daitezen saihestea.