Urteko txapelarik frexkoena jokoan izango da gaur Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 26a, 00:00

Juanenea, Aldabe, Azpiroz eta Ansa, aukeratutako pelotekin.

Azpiroz eta Ansa II.a, Aldaberen eta Juanenearen aurka lehiatuko dira 17:30etan, Jai Alai Summer Seasoneko finalean.

Urteko finalik frexkoena eta berezienetakoa jokatuko da gaur Galarretan, arratsaldeko 16:30etan hasiko den jaialdian. Jai Alai Summer Seasoneko finalean arituko dira, nor baino nor gehiago, Azpiroz eta Ansa II.a batetik, eta Aldabe eta Juanenea bestetik. 

Ligaxkan bien arteko norgehiagoka Azpirozek eta Ansak 2-0 irabazi zuten, baina lehenengo seta oso berdindua izan zen. Finala ere berdindua izatea espero da. Aldabek eta Juaneneak beraien ohiko postuetan jokatuko dute; gorriek, berriz, postuz aldatuta ekingo diote finalari, txapelketa osoan aritu diren bezalaxe. Ansa atzean oso ongi ari da moldatzen, atzelaririk onenen pare, eta aurrean Azpirozek bere dohain nagusiak erakutsi ditu, segurtasuna eta kantxan ongi mugitzea. 

Bi bikoteek asteazkenean aukeratu zuten finalerako materiala, eta oso material ezberdina banatu zuten. Gorrien pelotak biziagoak eta bote haundiagokoak dira, hainbeste peloteorik egon ez dadin. Urdinenak, berriz, desberdinak dira, lehorragoak, ez dute hainbeste salto egiten, eta gehiago peloteatzea ahalbidetuko dute. 

Hori bai, gorriek eta urdinek pelota bana ere aukeratu dute besteetatik ezberdina, behar izanez gero jokoa aldatzeko. Urdinen pelota bat botekoa ere bada, eta gorrien beste bat lehorxeagoa. Dirudienez, bi bikoteek argi dute nola jokatu behar duten eta zein taktika era­biliko duten.

Oriamendi Txapelketako partiduan, Aiestaran VII.a eta Apezetxea elkarren aurka

Bestetik, Oriamendi Txapelketako partidua ere iragarrita dago gaurko. Jaialdiko lehenengoa izango da, eta bertan, Paulo Aiestaran hernaniarra eta Martirena, Gurrutxagaren eta Oier Apezetxea goizuetarraren aurka lehiatuko dira. Aiestaranek eta Martirenak galdu egin zuten lehenengo partidua, eta Gurrutxagak eta Apezetxeak irabazi. Beraz, irabazteko premia gehiago dute gorriek.

Jaialdiko hirugarren partiduan Segurola eta Barrenetxea arituko dira, Ezkurra II.aren eta Larrañagaren aurka. Buruz Buruko Txapelketa gertu dago, eta erremontista onenak horri begira jarrita daude.

 Hain juxtu, Buruz Buruko azken faserako sailkapen partiduak jokatu dira uztailean zehar, eta azkeneko partidu erabakigarria Ezkurra II.ak berak eta Aldabek jokatu zuten. Ezkurrak 30-27 lortu zuen garaipena eta txapelketarako pasea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!