Uda parkean jaialdiaren baitan Hernaniko Udalak antolatuta, Ave Maria parkean gaueko 21:30etan Eduardo Chillidaren pentsamendua eta obrari buruzko dantza ikuskizuna aurkeztuko du bihar Donostiako Kresala Dantza Taldeak. Iaz Musika Hamabostaldian estreinatu zuen eta oraingoan hernaniarrek ikusteko beta izango dute, hain zuzen Chillidak izan zuen lehenengo burdinola tailerretik oso gertu.
Elkargunerako espazioa den zeruari irekitako oroigarri klasikoen gune batetik, hiru eskultura sortzen dira itsasoan eta mendian ezarritako hiru harkaitzetatik. Hiru dira
harkaitz bakoitzean sartzen diren besoak; hiru besarkatzen dituzten espazioak definitzen dituzten besoak eta «haizea orrazten» dutenak; eta hiru mugan hitz egiten
duten elementuak: lurra eta harkaitza, itsasoa eta olatua, zerua eta haizea.
Dantza, eskulturaren antzera, Kuroien greziar arte arkaikoko geometriatik datorren eta zati baten instant bateko abstrakzio liriko latz batera doan adierazpen metagarrira
egokitzen da. Hiru, dantza, musika eta poesiaren txirikordatze bat da non metamorfosian bibratzen duen obra bat bezala grabitatzen duen, «bere ahotsa» ateraz, aromak lotuz eta gurutzatuz; Haiku japoniar batean bezala, erritmo sotil, intimo eta delikatuko keinuekin.
Gazako Sol Band-en kontzertua etzi 22:00etan
Arte eta kultur diziplina asko txertatzen saiatu dira aurtengo Uda Parkean, eta zenbait berritasun ere izango dira. Horietako bat izan da musika elektronikoa oinarri duen DantzPoint-a eta uztailaren 18an eskaini zuten ikuskizun aipagarria.
Nabarmentzeko beste jarduera Gazako Sol Band taldearen kontzertua izango da. Lau kideek Hernanin daramatzate hilabete batzuk, eta lehenengo aldiz eskainiko dute euren emanaldia bertan. Gogotsu daudela nabarmendu zuen Rahaf Shamali taldekideak: «Duela bi hilabete etorri ginen, baina ez du ematen leku berri batean gaudenik. Denak sumatzen ditugu Palestinaren alde borrokan. Gogotsu gaude gure kantak hernaniarrei erakusteko». Etzi, eskainiko dute kontzertua, gaueko 22:00etan hasita.
Ez da faltako Yoga Olatz Altunarekin bihar eta etzi. Haur jolasak, Rojo antzerki-clown-a, Potx eta Lotx pailazoak, Bubbles jolasak, upArte zirku ikuskizuna, Hartubol saioa, Troia antzerkia, Olaia Intziarteren musika emanaldia... askotariko disziplinak izango dira bihartik Ave Marian.
UDA PARKEAN 2025
AVE MARIA PARKEA
BIHAR
09:00 Yoga Parkean. Olatz Altuna Errazkinen eskutik.
17:00 Haur jolasak. Haur eta familiei eskainitako egurrezko jolas bilduma.
19:00 Antzerki-clown. Mireia Miracle konpainia. Rojo.
21:30 Dantza. Kresala dantza taldearen 'Hiru' ikuskizuna.
ETZI
09:00 Yoga Parkean. Olatz Altuna Errazkinen eskutik.
17:00 Haurrentzat askotariko jolasak. Slike-line, maskara tailerra, slime tailerra, aurpegia margotzeko gunea, jolasak...
17:00 Jolasak. Bubbles.
19:00 Zirkua. upArte.
22:00 Kontzertua. Sol Band. Gazatik Hernanira etorritako musikari palestinarren taldea.
UZTAILAK 26
17:30 Pailazoak. Potx eta Lotx. Lagunetik topa!
18:00 Hartubol saioa.
19:00 Antzerkia. Kamikaz Kolektiboaren eskutik. Troia.
22:00 Kontzertua. Olaia Intziarteren musika emanaldia.