Kolonbian da Itsaso Lekuona Hernaniko Lankidetza zinegotzia, egun hauetan, Mundubat gobernuz kanpoko erakundearen eskutik. Kolonbiako giza eskubideen defendatzaileek bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzen ari da, beste hiru udalerritako zinegotziekin batera.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 14 udalerrik osatzen dute HerriBabesarea, giza eskubideen defendatzaileak babesteko udalerrien sarea da; eta Hernani sare horretako kide da. Urtero herrialde ezberdinetako defendatzaileak jasotzen dituzte, euren egoera ezagutu eta babesa adierazteko.
Aurten, lehen aldiz, egiaztatze misioa antolatu du Mundubatek; kasu honetan, Kolonbiako egoeraren berri in situ jaso dezaten HerriBabesareako udal ordezkariek. Delegazioaren helburua izango da Kolonbiak bizi duen egungo egoera ezagutu eta ikusitakoaren inguruan txosten bat plazaratzea.
Lehenengo bilerak Chocó eskualdeko hiriburuan izan dituzte, Quibdón. Bertan lanean ari diren eragile ezberdinen eskutik jaso dute egoeraren berri. Han jasotakoak azaldu ditu Lekuonak: «Bake akordioa bete ez izanak eta eskualde horretako herritarren oinarrizko beharrak asetzeko politika publikoen faltak ekarri dute talde armatuek lurraldearen kontrola eskuratzea. Ondorioz, giza eskubideen urraketa larriak ematen ari dira, eta asko zaildu da eskubideen defentsan aritzea».