Zarautzek irabazi zuen Hernaniko Bandera pasa den larunbatean, Orioko uretan. Oria ibaian jokatu zen estropada, eta Zarautzen garaipenaz gain, Hernaniko Maialen traineruaren paper ona azpimarratu behar da. Hernaniarrek bosgarren amaitu zuten, eta azken estropadetako hobekuntzari jarraipena eman zioten. Zarautzek alde nabarmenarekin lortu zuen garaipena, eta lidertza sendotu zuen ETE Ligan. 12 segunduko tartea lortu zuen San Juanekiko. Hernani 27 segundura iritsi zen, laugarren postutik lau segundura, eta bigarren postutik 16ra.
Portugaleten, zorterik ez kalearekin
Hurrengo egunean, Portugaleteko Bandera jokatu zen Nerbioi ibaian. Bigarren estropada izan zen bertako uretan, eta oraingoan ere hernaniarrek ez zuten zorterik onena izan kaleen zozketan. Hala ere, zazpigarren postuan amaitu zuen Maialen traineruak, San Juanek irabazi zuen estropadan. Egun bat lehenago erraz nagusitu zen Zarautzek, Hernaniren kale beretik egin zuen arraun, eta pasaitarren aurretik hamabi segundu izatetik, segundu bat atzetik amaitzera pasa zen.