Aldaberen eta Juanenearen garaipenarekin, erabakita geratu da Jai Alai Summer Season txapelketako finala

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 21a, 00:00

Ondo sufritutako garaipena lortu zuten Segurolaren eta Larrañagaren aurka, eta merezita eskuratu zuten finalerako txartela. Ligaxkako liderren aurka jokatuko dute final haundian: Azpirozen eta Ansaren aurka.

Sekula ez da erraza izaten final haundi bat jokatzeko txartela. Ondo dakite hori Aldabek eta Juaneneak, are hobeto larunbatean jokatutako Jai Alai Summer Season txapelketako finalaurrekoaren ondoren. 2-1 hartu zituzten mendean Segurola eta Larrañaga, emozioa azken tantora arte mantenduta.

Lehenengo seta Segurolak eta Larrañagak irabazi zuten. Saketik min asko egin zuen Larrañagak, eta erraztasunez iritsi ziren 15 tanto egitera, aurkariak 8an utzita. Bigarrenetik aurrera, ordea, erabat aldatu zen partiduaren kolorea. Juaneneak bere bertsiorik onena erakutsi zuen kantxan, eta Aldabe ere behetik gora joan zen partiduan zehar. Bigarren seta 6-15 irabazi zuten urdiñek, eta hirugarrenera bidali zuten partidua.

Bi bikoteak azken txanpan eman zuten onena; oso set berdindua izan zen hirugarrena, 6-6 berdintzera iritsi ziren, eta azken bi tantoak Aldabek eta Juaneneak egin zituzten.

Hortaz, Azpirozek eta Ansak, ligaxkako liderrek, badakite zeinen aurka jokatuko duten larunbateko final haundia.

Erakustaldi ederra eskaini zuen Barrenetxeak jaialdiko hirugarren partiduan

Ezer jokoan eduki gabe jokatu zuten Summer Seasoneko ligaxkako azken partidua Azpiroz-Ansa II eta Barrenetxea IV-Ezkurra II bikoteek. Hala ere, norgehiagoka lehiatua eta bizia ikusteko aukera izan zen Galarretan, urdiñen garaipenarekin (1-2).

Erremontari guztien artean Endika Barrenetxea hernaniarra nabarmendu zen, hiru setetan 25 tanto eginda. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!