Zirkuaz gozatzeko aukera ederra izango da igande honetan, Portu auzoan. Izan ere, 'Mute' ikuskizuna eskainiko dute Orain-Bi konpainiako Sara Alvarezek eta Rodrigo Lacasak, 19:00etan hasita, Ibarrolaburu-Lorenza plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Elizatxo ikastolara mugituko dute.
Kultur Biraren barruan antolatu du Portuko Auzo Elkarteak, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. 50 minutuko saioan, hamaika akrobazia ikusiko dituzte bertaratuek, sari eta aipamen ugari jaso dituen ikuskizunean. Besteak beste, Euskadiko ikuskizun onenaren saria jaso zuen 2022ko Leioako Umore Azokan, eta Max Sarietan hautagai izan zen.