Musika elektronikoarekin ekingo diote gaur Udaparkean programari

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 18a, 00:00

DantzPoint, Iruñeko ziudadelan.

DantzPointeko Tom Karobi, Santech eta Bitter Ana disko-jartzaileek girotuko dute arratsaldea eta gaua Ave Maria parkean, 18:00etatik 00:00etara. Datorren ostegunetik larunbatera izango dira Udaparkeanen gainerako saioak.

Sei orduko festa izango da gaur arratsalde eta gauean, Ave Maria parkean. Musika elektronikoarekin emango diote hasiera Udaparkean programari, eta DantzPoint proiektuko disko-jartzaileek jarriko dute erritmoa, arratsaldeko 18:00etan ha­si eta 00:00etara arte.

Musika elektronikoa eta ga­raikidea du ardatz Dantz kolektiboak, eta 9 urte daramazki ekimen eta proiektu ezberdinak sortzen. Horietako bat da DantzPoint, mota guztietako festak girotu dituena. Hernanin, Tom Karobi, Santech eta Bitter Ana izango dira disko-jartzaileak.

13 jarduera eta emanaldi, uztailaren 24tik 26ra

Gaur hasiko da Udaparkean programa, baina datorren astean izango ditu egun potenteenak: 13 jarduera eta emanaldi prestatu dituzte, uztailaren 24tik 26ra.

Ostegunean yoga saioa izango da goizean, eta haur jolasak, Mireia Miracle konpainiaren antzerki-clown ikuskizuna eta Kresalaren dantza emanaldia arratsaldetik aurrera. Ostiralerako, berriz, jarduera ugari antolatu dituzte: yoga, jolasak, 'Desprovisto' zirku ikuskizuna, Sol Band taldearen kontzertua... Eta larunbatean, bukatzeko, beste lau zita izango dira. Arratsaldean, emanaldi bana eskainiko dute Potx eta Lotx pailazoek eta Kamikaz antzerki kolektiboak, eta hartubolean aritzeko aukera ere izango da. Gauean, berriz, Olaia Intziarteren kontzertua izango da Ave Marian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!