Kezka iritsi da Hernaniko anbulatorio barrutik, bertako egoeraren inguruan. Kronikari azaldu diotenez, arratsalde batzuetan ez da medikurik izaten anbulatorioko urgentzietan (Etengabeko Arreta Gunea), 17:00etatik aurrera, hurrengo goizeko 08:00ak arte. Gainera, salatu dute egoera hori normalizatu egin dela, eta ez dela udako salbuespena.
Dirudienez, medikuen opor egunak ez ditu beste mediku batzuekin ordezkatzen Osakidetzak, eta erizainak jartzen dituzte haien tokian. Horregatik, kezka adierazi dute Hernaniko anbulatoriotik: haien eginkizunei dagozkienak baino ardura eta arrisku haundiagoak hartu behar dituzte, eta kasu batzuetan ezin izaten diete pazienteei lagundu. Hori horrela, anbulatoriora bueltatu behar izaten dute, beste egun batean.
Gainera, inguruko anbulatorioetan ere, arratsalde batzuetan ez da medikurik izaten. Hori horrela, eta urgentzietarako erreferentzia Hernaniko anbulatorioa izanik, bertara jotzen dute herri horietatik ere, baina ezin izaten dute mediku baten arreta jaso egun batzuetan.