Laugarren postutik 34 ehunenekotara 'Maialen', etxeko zitaren atarian

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 16a, 00:00

Hernaniko arraunlariak, Lekeition pozik, estropada bukatu ondoren.

Seigarren izan zen Hernaniko trainerua Lekeition, baina oso oso gertu izan zuen Ondarroa laugarren sailkatua ere.

Bere mailan gora egiten ari da Hernaniko 'Maialen' trainerua, azkeneko asteotan; eta bere estropadarik onena osatu zuen joan den igandean, Lekeitioko Burdinola Banderan. Ez zuen hobetu denboraldiko posturik onena, seigarren sailkatu baitzen berriro, 12:45.35 denborarekin; baina oso oso gertu izan zituen aurreko bi traineruak: 10 ehunenekotara Deusto bosgarrena (12:45.25), eta 34 ehunenekotara Ondarroa laugarrena (12:45.01).

Bere txandan erraz nagusitu zen 'Maialen', Portugaleteri 35 segundu eta Camargori 1:03 aterata; eta nabarmen erakutsi zuen bigarren txandako traineruekin lehiatzeko moduan dagoela.

 

Etxeko bandera larunbat honetan, Orion

Lekeition ihes egin zion postu bikain hori lortzen saiatuko da Hernaniko trainerua, etxeko estropadan. Izan ere, Hernaniko Bandera jokatuko da larunbat honetan, Orion. Erlojupeko estropada izango da, goizeko 11:15etan hasita, eta 2.778 metroko ibilbidea osatuko du traineru bakoitzak, bi luze eta ziaboga bat.

Hernaniko Arraun Elkartetik deia luzatu diete herriko arraunzale eta kirolzaleei, Oriora hurbildu eta 'Maialen' trainerua babesa emateko.

ETE Ligako zortzigarren estropada izango da larunbatekoa. Igandean, berriz, Portugaleten daukate zita, 11:30etan hasita. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!