Alkate berria, omenduak, txanoak eta giro ederra protagonista gaur, Karmen Jaietan

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 16a, 00:00

150 lagun inguru elkartuko dira bazkari herrikoiean, Karmen Jaiak giro ederrean ospatzeko.

Festa giroak hartuko du Hernaniko Kaxkoa gaur, goizetik gauera, ohiko egitarau herrikoi eta zabalarekin. Ricardo Ramos izendatuko dute Kaxkoko alkate hurrengo urtebeterako, eguerdian Andre kaleko 22an elkartuta.

Kolorez, doinu alaiez eta umore ederrez jantziko dira Hernaniko Kaxkoko kaleak eta plazak. Karmen eguna da gaurkoa, festa egun seinalatua auzoan; eta ederki ospatuko dute, goizetik gauera bitartean.

Ohiko egitarau herrikoia prestatu dute Karmen Jaietarako, aldaketa gutxirekin; urtero funtzionatzen duen hori aldatu beharrik ez dagoelako. Auzoko hildakoen omenezko mezarekin hasiko dute eguna, eta trikitilariek alaituko dute Kaxkoa ondoren, ekitaldi nagusira bitarte. Andre kaleko 22an elkartuko dira denak, hiru lagun omentzeko. Batetik, Kaxkoko alkate izendatuko dute Ricardo Ramos Alda, hurrengo urtebeterako. Eta bestetik, omenaldia egingo diete beste bi auzotarri: Juan Bautista Biurrarena Echegoyeni eta Cecilio Jauregui Rodríguez zenari. Jaureguiren izenean, Koro Loyarte bere alarguna izango da ekitaldian.

 

Sonbreroak eta txanoak, eguzkitik babesteko eta bazkariari txispa jartzeko

Omenaldien ondoren, bazkari herrikoiaren txanda izango da, Plaza Berrin. 150 lagun inguru elkartuko dira bertan, menu goxoaz gozatzeko: entsalada, paella, postrea, kafea eta kopa.

Umore ederrekoa izaten da bazkaria, eta hori aprobetxatuz, aurtengoari berezitasun bat gehitzera animatu dituzte denak: sonbreroa edo txanoa jantzita agertu daitezela bazkarira, eguzkitik babesteko bai, baina otorduari txispa jartzeko ere bai. Eguzkitako krema ematea ere gomendatu diete, badaezpada ere...

 

Jokoak, jolasak eta esku pelota partiduak, arratsaldean

Bazkalostean izango dira, ohi bezala, karta jokoak, haurrentzako puzgarriak eta txokolatada. Nobedadea izango da esku pelota partiduak aldatu dituztela goizetik arratsaldera, eta espero dute giro polita sortuko dela Tilosetako frontoian, neska-mutil gazteen partiduez gozatu eta animoak emateko.

Nesketan, txoko ezberdinetatik etorritako lau pelotari gazte etorriko dira, maila ederrekoak lauak ere: Alize Sagardui goizuetarra, Ainitze Arratibel lazkaotarra, Larraitz Galardi oiartzuarra, eta Dunixe Alberro iturendarra. Ados Pilota klubekoa da Alberro, eta etxean bezala ariko da gaur, hernaniarra baitu aita. Mutiletan, berriz, CD Hernaniko lau gaztek jokatuko dute: Aimar Zabalak, Amets Makatzagak, Martin Alberdik eta Manex Alberdik.

Sardin-jatea, jaiak modurik onenean bukatzeko

Pelota partiduak bukatuta, Plaza Berrin jarriko dute hitzordua berriro, arratsaldeko 20:00etan. Eguneko lehiaketen sariak banatuko dituzte bertan, balkoi ederrenarena eta karta jokoenak, janari usain goxoak plaza hartzen duen bitartean. 

Izan ere, sardinak erretzen ariko dira ordurako, parrilla haundietan, festak beti bezala bukatzeko; modurik onenean, alegia: sardin-jatea egingo dute gaueko 22:00ak arte.

Trikitilariek girotuko dute goiza Kaxkoan, aurtengo Karmenetan ere.

 

KARMEN JAIAK

GAUR, KAXKOAN

09:00, Kaxkoko hildakoen omenezko meza, parrokian.

10:00, Trikitilariak, Kaxkoan zehar.

12:00, Ricardo Ramosen alkate izendapena, eta Juan Bautista Biu­rrarenari eta Cecilio Jaureguiri omenaldia, Andre kaleko 22an.

14:00, Bazkari herrikoia Plaza Berrin, eta balkoien apaintze lehiaketa.

16:30, Karta-jokoak, Plaza Berrin. Bikoteak, bi emakumez osatutakoak edo mixtoak.

17:00, Txokolatada.

17:00-19:00, Puzgarriak Plaza Berrin, Portalondo aurrean.

18:00, Neska-mutil gazteen esku pelota partiduak,
Tilosetako frontoian:

    Neskak: Ainitze Arratibel, Larraitz Galardi, Alize Sagardui eta Dunixe Alberro

    Mutilak: Aimar Zabala, Amets Makatzaga, Martin Alberdi eta Manex Alberdi

20:00, Karta-jokoen eta balkoi ederrenaren sari-banaketa.

20:00-22:00, Sardin-jatea, Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!