Ez da nahi bezain ondo hasi uda sasoia Endika Barrenetxea hernaniarrarentzat. Josetxo Ezkurrarekin batera, larunbatean jokatu zuen Jai Alai Summer Season txapelketako bigarren partidua, eta porrota jaso zuten berriro: 8-15 eta 14-15, Aldaberen eta Juanenearen kontra.
Gauzak horrela, kinka larrian geratu dira. Garaipena lortu beharko dute ligaxkako hirugarren partiduan, eta horrela ere zail izango dute finalerako txartela eskuratzea. Aldabe-Juanenea eta Azpiroz-Ansa II bikoteak launa punturekin daude, partidu bakarra jokatuta.
Hain juxtu, larunbatean bertan lortu zuten garaipena Azpirozek eta Ansak, Segurolaren eta Larrañagaren kontra (15-11 eta 15-9). Ezohiko postuetan aritu arren (Azpiroz aurrelari eta Ansa atzelari), bikain moldatu ziren biak estreinakoan.
Udari ondo ekin dioten erremontistak goizuetarrak dira. Oriamendi txapelketan, garaipenarekin ekin diote biek ala biek: Aritz Zubirik ostegunean irabazi bazuen Ugaitz Susperregirekin batera, larunbatean Oier Apezetxeak lortu zuen garaipena, Urtzi Gurrutxaga lagun, Jabaleraren eta Eskuderoren kontra (14-15, 15-11 eta 8-3). Sailkapeneko buru dira bi goizuetarrak, hiruna punturekin; baina haien kasuan, txapelketak luze joko du oraindik, irailera bitarte.
SAILKAPENAK JAI ALAI SUMMER SEASON 1. Aldabe-Juanenea 4 pt. (1) 2. Azpiroz-Ansa II 4 pt. (1) 3. Segurola-Larrañaga 3 pt. (2) 4. Barrenetx. IV-Ezkurra II 1 pt. (2 ORIAMENDI TXAPELKETA 1. Susperregi-Zubiri 3 pt. (1) 2. Gurrutxaga-Apezetxea 3 pt. (1) 3. Aiestaran VII-Martirena 1 pt. (1) 4. Jabalera-Eskudero 1 pt. (1) *Parentesi artean, bikote bakoitzak jokatutako partidu kopurua. |