Lagunekin elkartu, kontu batzuk egin, kontzertu eder bat entzun eta etxera. Plan horiek gauzatzeko leku paregabea da Ave Maria parkea, eta hori aprobetxatuta, Uda Parkean egitasmoaren edizio berria prestatu du Hernaniko Udalak. Uztailaren 18an hasiko da, eta 24, 25 eta 26an izango du jarraipena.
Ostegun arratsaldean egin zuten aurtengo egitarauaren aurkezpena. Aitor Huizi kultur zinegotziak eman zituen xehetasunak, egitasmoaren helburuetatik hasita: «Askok diote San Joanen ondoren hutsik geratzen dela herria, baina ez da horrela. Udaran herrian gaudenontzat prestatutako programazioa da; gainera, garrantzitsua iruditzen zaigu parkea bezalako ingurune natural batean gozatzeko aukera ahalbidetzea».
Arte eta kultur diziplina asko txertatzen saiatu dira aurtengo egitarauan, eta zenbait berritasun ere izango dira. Horietako bat da musika elektronikoa oinarri duen DantzPoint-a. Uztailaren 18an hiru DJ arituko dira Ave Maria parkean: Tom Karobi, Santech eta Bitter Ama. Julen Iñarra DantzPointeko kideak Hernanik musika elektronikoaren inguruan sortu duen sarea goraipatu zuen: «Tresna bat da musika elektronikoaren ondarea lantzeko. Jakitun gara Hernanik daukan ondarea oso aberatsa dela, eta kultur sare indartsua duela arlo honetan. Horregatik erabaki genuen gure geralekuetako bat izatea».
Nabarmentzeko bigarren jarduera Gazako Sol Band taldearen kontzertua izango da. Lau kideek Hernanin daramatzate hilabete batzuk, eta lehenengo aldiz eskainiko dute euren emanaldia bertan. Gogotsu daudela nabarmendu zuen Rahaf Shamali taldekideak: «Duela bi hilabete etorri ginen, baina ez du ematen leku berri batean gaudenik. Denak sumatzen ditugu Palestinaren alde borrokan. Gogotsu gaude gure kantak hernaniarrei erakusteko».
AVE MARIA PARKEAUZTAILAK 18 18:00-00:00 Dantzpoint. Musika elektroniko eta garaikidea. Tom Karobi, Santech eta Bitter Ama. UZTAILAK 24 09:00 Yoga Parkean. Olatz Altuna Errazkinen eskutik. 17:00 Haur jolasak. Haur eta familiei eskainitako egurrezko jolas bilduma. 19:00 Antzerki-clown. Mireia Miracle konpainia. Rojo. 21:30 Dantza. Kresala dantza taldearen 'Hiru' ikuskizuna. UZTAILAK 25 09:00 Yoga Parkean. Olatz Altuna Errazkinen eskutik. 17:00 Haurrentzat askotariko jolasak. Slike-line, maskara tailerra, slime tailerra, aurpegia margotzeko gunea, jolasak... 17:00 Jolasak. Bubbles. 19:00 Zirkua. upArte. Desprovisto. 22:00 Kontzertua. Sol Band. Gazatik Hernanira etorritako musikari palestinarren taldea. UZTAILAK 26 17:30 Pailazoak. Potx eta Lotx. Lagunetik topa! 18:00 Hartubol saioa. 19:00 Antzerkia. Kamikaz Kolektiboaren eskutik. Troia. 22:00 Kontzertua. Olaia Intziarteren musika emanaldia. |