Aurreneko asteburu 'lasaia' izango du Hernaniko 'Maialen' traineruak, aste honetan. Izan ere, ETE Ligako estropada bakarra izango da jokoan oraingoan, aurrekoetan ez bezala. Lekeition daukate hitzordua, igande eguerdian: Burdinola Banderaren lehenengo edizioa jokatuko da bertan, 12:00etan hasita.
Denboraldiak aurrera egin ahala, bere mailan gora egiten ari da Hernaniko trainerua, eta hala erakusten dute joan den asteburuko estropadek. Sestaon seigarren eta Zumaian zazpigarren izan zen, eta bereziki maila ona erakutsi zuen Sestaokoan, bigarren luze ikusgarria osatuta. Isuntza bosgarrena gainditzetik segundu bakarrera geratu zen.
Joan den asteburuko sentsazioak berretsi, eta beste koxka bat gora egin nahi du 'Maialen'ek igande honetan.
Etxeko estropada, hurrengo larunbatean
Lekeitioko estropadaren ondoren iritsiko da denboraldiko zita berezienetako bat, 'Maialen' traineruarentzat: Hernaniko Bandera jokatuko da uztailaren 19an, Orion. Erlojupeko proba izango da, goizeko 11:15etan hasita. ETE Ligako zortzigarren estropada izango da, eta denboraldiaren aurreneko erdia osatuta izango dute horrekin. Uztailaren 20an, berriz, Portugaleten izango dute hitzordua, 11:30etan.