Udako giroaz gozatzeko gune erosoagoa izango da Kaxkoa, gaurkoan. Izan ere, 'Hartu kalea!' ekimenaren baitan, aire libreko egongela modukoak prestatuko dituzte Andre kalean eta Kale Nagusian, eta oinezkoentzat bakarrik izango da Kaxkoa, goizeko 10:00etatik aurrera.
Zehazki, bost txoko berezi prestatuko dituzte, Hernaniko Udalak eta Emausek elkarlanean; eta liburuak edota mahai-jolasak topatuko dituzte herritarrek, 10:00etatik 15:00etara.
Egongela ez ezik, hartubol kantxa ere bilakatuko da Kaxkoa, erakustaldia eskainiko baitu Goiz Eguzkiko taldeak, Plaza Berrin, 11:00etatik aurrera. Ekainaren hasieran egin bezala, sareak jarriko dituzte bertan, eta taldeko kideekin batera hartubolean aritzeko aukera izango dute herritar guztiek. Animatu eta probatzeko deia luzatu diete.
Gainera, beste hitzordu bat ere jarri dute hartubol taldetik, uztailaren 26rako: Ave Marian jarriko dituzte sareak orduan, 17:00etan hasita, aurreko hiru urteetan egin bezalaxe.
Gaurkoan, bestalde, Berriakeko establezimenduetan ere izango da berezitasunik: 100 euroko bono bat zozketatuko dute, horietan erosketak egiten dituzten guztien artean.