Beherapen Azokak hartuko du gaur Hernani

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 10a, 00:00

Establezimenduen kanpoaldean jarriko dituzte postuak.

Hernaniko 12 dendatako produktuak erosteko aukera izango da goizean zehar. 

Herriko establezimenduen produktuak bertatik bertara eta merkeago erosteko aukera izango da gaur. 12 establezimenduk egin dute bat Beherapen Azokarekin, eta denda bakoitzaren kanpoaldean jarriko dute postutxoa. Ondorengo dendetan izango dira beherapenak: Bikas, Dekolanak, Erratz, Eukene, Hiru, IbaiMendi, Ikusi Makusi, Laket, Mahuka, Marna, Urrats eta Valen.

Denda horietako batzuk Kaxkoan daudenez, trafikoan zenbait aldaketa izango dira gaur. Gudarien Plazatik Andre kalera joateko bidea eta Kale Nagusia (Harresi tabernaren parean) itxita egongo dira; aldiz, Gudarien Plazako zamalanen eremua erabilgarri egongo da, eta Kale Nagusiko sarrera irekita egongo da Zinkoeneatik.

'Hartu kalea!' egitasmoaren bigarren eguna, bihar

Bihar goizean ere itxita egongo dira Kaxkoko kaleak, 'Hartu kalea!' egitasmoa dela eta.

Goizeko 10:00etatik 15:00etara bost txoko ahalbidetuko dituzte Hernaniko Kaxkoan, eta bertan lasai egoteko aukera izango dute herritarrek: «Etxeko egongela modukoak izango dira, eta horietan liburuak, mahai jolasak eta tankerakoak aurkituko dituzte». Emausekin batera prestatu du jarduera Berriak elkarteak.

Gune horiek jartzeaz gain, bihar Berriak elkarteko establezimenduetan erosten duten guztien artean 100 euroko bonoa zozketatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!