Zabalik dago Hernaniko Kiroldegiko ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko epea, irailaren 9ra arte

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 9a, 00:00

Guztira 35 jarduera egiteko aukera izango da datorren ikasturtean. Izena kiroldegian edo kirola.hernani.eus webgunean eman daiteke. Ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira.

Udako oporraldi betean, datorren ikasturterako eskaintza prestatzen ari dira Hernaniko Kiroldegian. Dagoeneko irekita dago ikastaro berrietan izena emateko epea, eta irailaren 9ra arte mantenduko dute zabalik.

35 kirol jarduera egiteko aukera izango da kiroldegian; horietatik 16 uretakoak izango dira, eta 19 lehorrekoak. Saio bakoitzaren informazio zehatza etxean jasoko dute herritarrek. Bestela, kirola.hernani.eus webgunean ere eskuragarri izango dute.

Webgune horretan bertan izena emateko aukera ere badago. Aurrez aurreko inskripzioa nahiago dutenek, ordea, kiroldegira joan beharko dute.

Berrikuntza ugari eskaintzan

Kiroldegiko ikastaroen artean bi berrikuntza nabarmendu dituzte antolakuntzatik. Batetik, emakumeentzako boxeo eskaintza egonkortuko dute, azken urteetan izandako erabiltzaile kopuruaren gorakadagatik. Bestetik, moldaketak egingo dituzte helduentzako igeriketako 'Hastapena' mailan. Modu horretan, hutsetik hasten direnak eta gutxieneko oinarri bat dutenak bereizita arituko dira.

Ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira.

Izenematea amaitzean esleituko dira plazak

Irailaren 9ra arte luzatuko da ikastaroetan izena emateko epea. Ondoren, plaza kopurua gainditzen den kasuetan, zozketa bidez esleituko dira. Salbuespen bakarra 4 eta 36 urte bitarteko haurren ikastaroena da. Horietan urte osoan egongo da zabalik izenematea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!