Dagoeneko eskuragarri dago Amher Elkarteak argitaratzen duen 'Kaixo!' aldizkariaren 70. zenbakia. Azken hilabeteen errepasoa egin dute bertan, azkenaldiko gertaera gogorrak ere aletuta.
Hain justu, azken boladan izandako eraso arrazistei buruzko testuarekin hasi dute udako aldizkaria. Amherren jaso duten informazioa azaltzeaz gain, balio haundia eman diote herritarrek erasoen aurrean izandako erreakzioari: «Ez dugu nahi talde arrazistak dituen, mendekua bilatzen duten eta auzoko patruilak antolatzen dituzten herria izaterik. Arrazakeriaren aurka, Hernanin saretu! Gure herria, denontzako tokia».
Bizilagunak ekimena, hitzaldiak, kontzertuak...
Egitasmo eta jarduera ugari egin ditu Amherrek udaberrian. Aldizkarian ere islatu dute egindako lan guztia; ekintza guztien artean nabarmentzekoa da Bizilagunak egitasmoa. Aurtengoan udaletxeko arkupeetan ere elkartu ziren bazkaltzeko, lagunarteko giro ederrean.