San Joanetako marrazki ederrenek saria, Urumea Ikastolaren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 8a, 00:00

Lehiaketako marrazkietako bat. Zezensuzkoa ageri da Zinkoenean, eta zenbait herritar ihesi.

San Joan jaietan 46garrenez antolatu zuen Marrazki eta Pintura Lehiaketa ikastetxeak, eta zortzi haur eta gaztetxok jaso zuten saria.

Mende erdia darama Urumea Ikastolak, San Joan jaietan Marrazki eta Pintura Lehiaketa antolatzen, herriko haur eta gaztetxoentzat. 46garren edizioa izan du aurtengoa, eta jaien aurreneko egunean, ekainaren 23an, jo eta su aritu ziren partehartzaileak, ahalik eta marrazki ederrena egin nahian.

Horien artean onenak aukeratu behar, eta zortzi marrazkiren egileak saritu zituzten ekainaren 27an, Biterin egin zuten ekitaldian.

3 eta 5 urte bitartekoen kategorian, Irina Maestre Pelaezek eskuratu zuen aurreneko saria, eta Ekai Xabier Egaña Zabalak bigarrena. 6-9 urtekoetan, berriz, Ane Nabarro Martinezena izan zen marrazkirik onena, eta Udane Bahillo Benitok lortu zuen bigarren saria.

9 eta 11 urte bitartekoetan, Noa Azabal Marinek jaso zuen aurreneko saria, eta Inge Urigoitia Estebanek bigarrena. Eta azkenik, 12 eta 14 urte bitartekoen artean, Aiala Azkue Minguezena izan zen marrazkirik ederrena, eta June Urigoitia Estebanena bigarrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!