Jurdan Zaldua eta Uxue Santxo izan dira Euskal Herriko txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 7a, 00:00

Uxue Santxo, Jurdan Zaldua, Lur Elkoro eta Eñaut Zabalegi, errelebo mistoan.

Tolosan urrezko dominak lortu dituzte infantil txapelketan 100 libre eta 50 bular probetan.

 

Ekaineko azken asteburuan Tolosako Usabal Kiroldegian Euskal Herriko Infantilen Txapelketa jokatu zen eta bertan bailarako hainbat igerilarik hartu zuten parte. Hernaniko Kirol Elkarteko seik hartu zuten parte eta Jurdan Zalduak eta Uxue Santxok bost domina lortu zituzten, horietako bi urrezkoak. Jurdan Zalduak 100 metro estilo librean lortu zuen urrea, 2011n jaiotakoen artean, 57:55eko denborarekin. Ehuneneko batean hobeto zuen Gipuzkoakoan eginiko marka. Uxue Santxok 50 metro bular estiloan lortu zuen urrea 35:30 denborarekin, 2010 urtean jaiotakoen artean. 

Santxok bigarren amaitu zuen 100 bularren (1:17.68), Zalduak bezala 50 librean (26:61). Zalduak ere brontzea eskuratu zuen 50 tximeletan (29:00). Hernani K.E.ko Uxune Otaño, Lur Elkoro, Maren Otamendi eta Eñaut Zabalegik ere hartu zuen parte. Baita Buruntzaldeako Amalur Iparragirrek eta Fortunako Oihan Lizeagak. 

 

Zaldua eta Santxo, Espainiakora

Tolosan Jurdan Zalduak Espainiako gutxiengo marka lortu zuen 100 metro librean, aurretik 200 metrotan ere lortuta zuen. Uxue Santxok ere lortua zuen 50 metro bularren. Beraz, Hernani K.E.ko bi igerilari izango dira uztailaren 17 eta 20 bitartean, Ciudad Realen jokatuko den Espainiako Infantilen Txapelketan.

 

Maren eta Luis Goñi 
oraingoan, Zumaian garaile

Bestetik, itsas zeharkaldietan Maren Goñik garaipena lortu zuen Zumaiakoan, infantil mailan. Nagusietan Luis Goñi hirugarren izan zen sailkapen orokorrean eta 45-54 urtekoen artean garaipena eskuratu zuen. Gipuzkoan jokatu de lehenengoa izan da Itzurunetik Zumaiako arranpara. Datorren astean Santurtzin izango dira zeharkaldiak eta Getaria Zarautzen aurretik, Ondarrukoa eta Getariako San Anton bira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!