Hernanik «geldialdian jarraitzen duela» adierazi du PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 5a, 00:00

EH Bilduk «alde bakarrez» gobernatzen duela gehitu dute agintaldi erdiko balorazioan.

Agintaldiaren erdia bete den honetan, balorazio oharra argitaratu du Hernaniko PSE-EEk. Egungo udal gobernuarekin oso kritiko agertu da Ricardo Crespo bozeramailea, Hernanik «geldialdian» jarraitzen duela argudiatuta: «EH Bilduk alde bakarrez gobernatzen du, beste udal talde batzuen iritziak kontuan hartu gabe. Euren proiektuetan besterik ez dira kezkatzen».

Crespok gehitu du sozialistek 2024ko aurrekontuetarako proposatutako zenbait proiektuk ez dutela jarraipenik izan; «aparkaleku berriak bilatzeak» eta «Osinagarako mugikortasun planak», besteak beste. «Gobernu taldearen erantzuna horiek lantzen ari zirela izan zen. Gaur egun, urte eta erdi geroago, ez dugu berririk». Egoera ikusita, Crespok ondorioztatu du «EH Bilduk aurrera eraman nahi dituen proiektu bakarrak bereak direla».

Kritika Hernani Burujaberen prozedurei

Hernani Burujabe proiektuari zuzendu dizkio kritika zuzenenak PSE-EEk. Egitasmo batzuk begi onez ikusten badituzte ere, proiektuaren prozedura gaitzetsi du Crespok: «Askotan, Hernani Burujabek landutako proiektuak iristen dira, eta EH Bilduk batzordeetan azaldu eta aurrera eramaten ditu, gainontzeko udal taldeek aldatzeko edo zuzentzeko aukerarik gabe, atzean hernaniarren milaka botorekin». 

Horrek guztiak Cresporen ustetan EH Bilduk akordioak lortzeko duen «borondate falta» jartzen du agerian: «Hernaniko PSE-EEk oposizio eraikitzailea egitearen alde egiten du. EH Bildu alde bakarretik eta gainerako taldeak kontuan hartu gabe ari da gobernatzen, eta horrek ordezkatzen ditugun herritarren zati haundi bati bizkarra ematea dakar».

«Jaietan izandako erasoekin ere gardentasunik gabe jokatu du EH Bilduk»

Hernanin puri-purian dago San Joanetako eraso arrazisten gaia, eta Crespok Udalak egoera horien aurrean izandako kudeaketa ere salatu du. Bozeramaile sozialistak «gardentasun falta» sumatu du EH Bilduko agintariengan, prentsaren bidez enteratu direlako «zortzi eraso arrazista gertatu zirela jatorri magrebtarreko pertsonen aurka».

Horrekin batera, «segurtasun ezaren sentsazioari aurre egiteko ekintza falta» ere leporatu diote Udalari: «Uste dugu Udala ez dela nahikoa egiten ari Hernanik bizi duen segurtasun-gabeziaren sentsazio gero eta haundiagoari aurre egiteko. Informazioa funtsezkoa da erantzukizunez jokatu ahal izateko eta arazoa konpontzen laguntzeko».

Amaitzeko, Udaltzainen eta Ertzainen jokabidea goraipatu du PSE-EEko bozeramaileak: «udalerrian segurtasunarekin eta bizikidetzarekin duten konpromisoa azpimarratuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!