Langile Ikastolaren Laubidieta eraikinaren kanpoaldeko itxitura berritu eta espaloia egiteko lanak dagoeneko hasiak direla jakinarazi du Udalak.
Eremuaren egoerarengatik, «horma berria eraikiko dute eta berdegunea zehaztuko da, irisgarritasuna bermatuko duen espaloia eraikitzeko». Horregatik, Udalak jakinarazi du, bertan dauden motzondoak kendu beharko direla. Lanak direla eta, eskola eremua hilabetez itxita egongo dela aurreratu du Udalak.
Udan, Hernaniko udal langileek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza ikastetxe publikoetan mantenu-lanak, berrikuntzak edota hobekuntzak egiten dituzte, eta egingo dituzten beste lanen artean Udalak azpimarratu ditu Langile Ikastolaren Laubidieta eraikinean eta Urumea Ikastolan galdara-gelak aldatzeko lanak. Horrez gain, Urumea Ikastolaren kasuan ere, psikomotrizitate gelako pertsianak motorizatuko dira, eta era berean, gela batzuetan toldoak ere jarriko dituzte. Mantentze lanei dagokienez, tartean pintura eta iturrien konponketa lanak egingo dira.
Hernaniko Udalak, Langile, Elizatxo eta Urumea Ikastoletan egingo dituen lanetarako 495.000€ bideratuko ditu. Langile Ikastolaren kasuan, Meaben zenbait gelatan zorua berrituko dute, Laubidietan mantentze lanak egingo dituzte parkour eramuan, eta bolatokian, instalazio elektrikoa ere zuzenduko dute. Elizatxo ikastolari dagokionez, eraikin berriko goiko solairuko geletan toldoak jarriko dira eta aterpe berrian egurrezko harmailak jarriko dituzte. Hernaniko Haurreskolan ere zenbait lan egingo dira; besteak beste, bi gelatan toldoa eta gelen moldaketa.