«Arazoa larria da, eta edozein diskriminazio edo indarkeria motari adi egotea eskatzen dizuegu»

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 5a, 00:00

Azken asteetako gertakarien eta erasoen aurrean, «artikulatzeko» deia egin die Amherrek herritarrei eta eragileei.

San Joanetako gertakarien eta erasoen ondoren, egoeraren irakurketa bat argitaratu du Amher SOS Arrazakeria elkarteak. «Kezkatuta» agertu dira, eta egoeraren larritasunean jarri dute azpimarra: «Eraso bat soilik egon izan balitza, jada larria litzateke; baina hamar baino gehiago direla jakitea, eta gaur egun oraindik erasoen azken zifra ez izatea, oso kezkagarria iruditzen zaigu».

Amherreko kideek positibotzat jo dute San Joanetako erasoek eragileen eta herritarren partetik jaso duten erantzuna, guztietan utzi delako argi «gure herrian ez dugula horrelako ekintzarik onartzen».

Une honetan, ordea, pauso gehiago emateko beharra dagoela adierazi dute Amherretik. Horretarako, erasotuak izan diren pertsonei eurengana jotzeko gonbidapena luzatzeaz gain, eragileei «artikulatzeko» deia egin die: «Arazoa oso larria da, eta lanean jarraitzeko unea da, Hernani leku segurua eta duina izan dadin bertan bizi garen pertsona guztientzat, gure egoera edota jatorria edozein dela ere».

Irailetik aurrera elkartzen hasteko proposamena

Udako hilabeteak bereziak direla jakitun, irailetik aurrera eragileen artean elkartzeko beharra nabarmendu du Amherrek. «Hori bai, ahal dugun neurrian, guztion artean zaintzea eta edozein diskriminazio edo indarkeria motari adi egotea eskatzen dizuegu».

Oharrarekin amaitzeko, aldarrikapen zuzen bat erabili dute: «Komunitatea guztion artean sortzen da, nahiz eta uda izan, ez begiratu beste alde batera!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!