«Hernanin daukagun arazoa ondo definitu nahi dugu egokitutako erantzuna emateko»

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 4a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea eta Aitor Huizi zinegotzia atzoko agerraldian.

Atzo eguerdian San Joanetako gertakarien balorazioa egin zuten Xabier Lertxundi alkateak eta Aitor Huizi kultur zinegotziak. Arrazismoaren kontrako lanketa «indartuko» dutela adierazi zuten. 

Jai Batzordearen esku utzi ohi du Hernaniko Udalak San Joanen balorazioa, baina aurtengo gertakari arrazistak direla eta, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Xabier Lertxundi alkateak eta Aitor Huizi kultur zinegotziak. 

Atsekabetuta agertu ziren bi ordezkariak. Hala ere, ezer baino lehen, Huizik eskerrak helarazi zizkien jaietan tajuz parte hartu duten herritarrei: «Eskerrak Jai eta Txosna batzordeetako eragileei eta egunez zein gauez errespetuz atera diren herritarrei». 

Hortik aurrerakoak «elkarbizitza kaltetu duten» erasoei buruzko adierazpenak izan ziren. Lertxundik eskaini zituen xehetasun guztiak: «Ekainaren 23tik 24rako gau horretan gutxienez sei gertakari izan ziren, eta gainontzeko egunetan gertatutako bi eraso gehiagoren konstantzia daukagu. Arrazakeria oinarri duten erasoak dira, eta guztietan jarri dira jomugan jatorri magrebtarreko pertsonak. Horiez gain, aipatu behar da eraso sexista baten salaketa ere jaso dela aurtengo San Joanetan». 

«Egoerak eskatzen du hausnarketa prozesu sakon bat martxan jartzea»

«Jaiak gure jendartearen isla dira, eta Hernanin azkenaldian badaude zenbait jarrera San Joanetan nabarmendu direnak», adierazi du Lertxundik. Horren aurrean, «hausnarketa prozesu sakon bat» martxan jartzeko beharra ikusi dute Udaleko kideek, orain arteko lanketa «indartuta». «Espazio ezberdinak sortzeko asmoa daukagu, gaia ikuspegi anitzetatik aztertzeko. Horrez gain, elkarbizitzari buruzko kanpo kontratazio espezializatu bat ere egingo dugu, eta mahai interdisziplinar bat ere osatuko dugu», zehaztu du Lertxundik.

Lanketa horren helburua bat eta bakarra da: «Hernanin daukagun arazoa ondo eta sakon definitzea, arazo horiei gure herrira egokitutako konponbide zehatzak eskaintzeko». 

Ardura hartzeko deia

Prentsaurrekoarekin amaitzeko, herritarrei ardura hartzeko deia egin zien alkateak: «Denok daukagu ardura puntu bat. Komunitateari dagokio zenbait diskurtso ez naturalizatzea. Pertsona batzuk deshumanizatzen ari gara, eta gerta dakiekeenari ez diogu garrantzirik ematen. Erronka potoloa da eskuartean daukaguna».

Bizikidetzaren alde lanean jarraituko du Jai Batzordeak


Udalak ez ezik, Jai batzordeak ere argitaratu du aurtengo San Joanen Balorazioa.
«Eraso eta istiluen» harira, nabarmendu dute lanean jarraituko dutela «bizikidetzaren alde»: «Datorren urteko San Joanak errespetuan eta aniztasunean oinarritutakoak izan daitezen».

Eguraldiaren gorabeherak eta parte hartze maila ona

Gainontzean, eguraldiak zapuztutako zenbait kontzertu eta jarduera salbu, oso balorazio ona egin du Jai Batzordeak. Jendearen erantzuna bikaina izan dela nabarmendu dute, eta antolatzaileak «gustura» geratu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!