«Egun eskaintzen ez diren aisialdi ekimen bereziak sustatzea da gure asmoa»

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 4a, 00:00

Zamo eta Txili, TxanGo! proiektuaren kideak, Kronikarako elkarrizketan.

Uztailaren 19rako antolatu du aurreneko ekintza 'TxanGo!' proiektuak. San Martin de Unx bisitatuko dute, goizeko 09:00etan aterata Atsegindegitik. 50 eta 70 urte bitartekoei zuzendutako irteera da, baina proiektuko sortzaileek argi azaldu dute edonor animatu daitekeela ekintzetara, «gogoa besterik ez da behar!».

Jon Villar 'Txili' eta Jon Zamora 'Zamo' hernaniarrak daude TxanGo! proiektuaren atzean. Bi kideek izen bera izateaz gain, badirudi ideia berberak dituztela biak ala biak. Hori horrela, proiektuaren norabideari buruz jardun dute Kronikarekin, umoretsu eta alai.

 

TxanGo! proiektua jarri duzue abian. Noiztik zenuten ideia buruan? 

Txili: Ez gaude ziur noiz sortu zen ideia, baina esango genuke urte hasieran bururatu zitzaigula. Dena amarekin izandako elkarrizketa baten harira etorri zen. Berak aipatzen zidan, adin tarte konkretu bateko pertsona asko daudela bakarrik, irteteko eta gozatzeko gogotsu baina ez dutela eskaintza asko, goiza pasatzeko, egun pasa egiteko, etab. 

Izandako elkarrizketaren eraginez, gaia landu genuen, mota ezberdinetako ekintzei buruz hitz egin genuen... eta orain, hementxe gaituzu! 

 

Zerk bultzatu zaituzte proiektu hau gauzatzera? 

Txili: Nahiko saltseroak gara, beti daukagu proiekturen bat eskuartean.

Proiektua sortzearen zergatiari dagokionez, ikusi genuen, badirela zenbait aisialdi aukera 70 urte baino gehiago dituztenentzat. Baina zer gertatzen da aurreko belaunaldiekin? 

Justu, gaiarekin lotura duten artikulu eta estadistika batzuk irakurri genituen, non esaten zen adin tarte horretan lagun taldeak berritzeko joera asko murrizten dela. Horregatik, proiektu honen xedea da, leku berriak ezagutzeaz gain, Gipuzkoan aisialdi planak egin nahi dituen pertsonak elkartzea eta horrekin lagun talde berriak ere sortzeko aukera sustatzea.

 

50 eta 70 urte bitarteko helduentzako irteerak antolatzen dituzue. 

Zamo: Adierazi nahiko genuke, 50 eta 70 urteko pertsonentzat pentsatu dugula proiektua, baina 30 urte dituzten partehartzaileak ere izango ditugula tartean, ezbaitugu inor kanpoan uzteko asmorik.

Egia da ekintzen artean badirela oinez egiteko prestatu ditugun ibilbidetxoak; hala nola, Unx-en barrena eta ardotegira bidea. Hala ere, hortik kanpo egin nahi diren ibilbideak edota paseoak nahi haina egin daitezke, ez dago mugarik. Izan ere, TxanGo!-n planak egiteko prest dagoen pertsona aktiboa ongi etorria izango da beti!

 

Goizeko 09:00etan aterako zarete Atsegindegitik, eta buelta, berriz, gaueko 21:00etan. Egun osoko irteera. Zer egingo duzue egun osoan? 

Zamo: Lehenik, San Martin de Unx-eko berezitasunen bisita gidatua; Alde Zaharra, eliza eta XII mendeko kripta ezagutzeko.

Ondoren, bertako tabernan bazkaldu aurretik, inguruko bista zoragarrien parean vermut-a hartzeko edota herria norberaren kabuz ezagutzeko aukera izango dugu. Arratsaldean, Bodegas San Martín, herriko ardo kooperatibara bisita egingo dugu, 3D esperientzia baten bitartez; 1914an, bere sorrera urtean, ardotegia nola zen ikusi eta gaur egunekoarekin alderatzeko.  Eta egunari amaiera emateko, musika zuzenean entzuteko aukera izango dugu, herriko abeslari batekin, 4 ardo ezberdin dastatuz, eta pikoteoarekin.

Prezioari dagokionez, 82 euro dira buruko, dena barne; hau da, autobusa, bazkaria, bixita eta gehiago.

  

Proiektuarekin sare bat sortu nahi duzue?  

Zamo: Bai, hori da. Gure asmoa da aisialdi ekimen bereziak sustatzea, gaur egun eskaintzen ez direnak, hain zuzen ere. Era berean, etorkizunean, irteera gehiago antolatzen ditugunerako, interes antzekoak dituzten pertsonen sare bat osatzea izango litzateke beste xede bat. Gure irteerek esperientzia politak eskaintzeaz gain, lagun talde berriak sortzen baditu... gure jarduna egin dugu!  

 

Zer dela eta San Martin de Unx-era irteera?

Txili: Aipatutako helburuez gain, sustatu nahi dugu turismo jasangarria eta despopulazioa jasaten duten herriak ezagutarazteko aukera. Horregatik, aurreneko irteera  San Martin de Unx-era egingo dugu, Nafarroako Erdialdean dagoen herri bat, eta bertako ekintzaileak eta negozioak ere erdigunean jarriko ditugu. Bertatik oso gertu Olite eta Uxue ditugu, Nafarroako bi herri turistifikatuenetakoak, hain juxtu. Aspalditik birpopulazio proiektu bat lantzen ari den oso herri polita da Unx, oso jende atsegina bizi da bertan eta Gipuzkoarekin konexio haundia du, izan ere, badaude bertan familia hernaniarra dutenak! 

 

Zuek biok bakarrik antolatu dituzue irteerak? Kudeaketa aldetik zer moduz? 

Zamo: Proiektuaren berezitasunetako bat ere hori da. Sustatzen ditugun ekintzetako herrietan, lan egin nahi dugu bertako ekintzaile txikiekin. Alde batetik, haiek izango direlako esperientziarik onena eskaintzeko gai izango direnak; eta bestetik, proiektuak herri txikietako ekonomia sustatzea ere helburu duelako. 

Adibidez, Unx-eko irteerarako Mucha Tierra izango dugu bidelagun, 29 eta 26 urteko bi anaiek sortutako proiektu turistikoa da. Oso ausartak izan ziren, izan ere, proiektua sortu zuten 400 biztanletik behera dituen herri batean, pandemia garaian, eta gaur egun martxan dute proiektua. Gainera, gertutik ezagutzen ditugu eta eguneko egitaraua elkarrekin sortu dugu, beraz, esperientzia oso gertukoa izango da. 

 

Hernaniko biztanleak izango dira zerbitzuaren erabiltzaileak edo irekia da? 

Zamo: TxanGo!-k antolatuko dituen irteerak guztiz irekiak dira. Gure asmoa da Hernaniko eta inguruko herritarrak antolatzen ditugun irteeretan parte hartzea. Kartelak pegatzen eta promozio zuzena egiten gabiltza Hernanin, Martutenen, Urnietan, Astigarragan eta Andoainen, eta dagoeneko, hernaniarrez gain badauzkagu izen eman duten astigartarrak, donostiarrak, lezoarrak edota hondarribiarrak. Gipuzkoako pertsona aktiboen sarea sortu nahi dugunez,  edozein herritako pertsonak dira ongi etorriak.

 

Aurreneko irteera uztailaren 19an da. Gogoa eta urduritasuna aldi berean?

Zamo: Oraindik esango nuke ez dugula 19an pentsatzen, izan ere, herritarrak irteerara animatzeko ahaleginetan gabiltza, burubelarri. Nahi dugu uztailaren 19ko irteerara animatzea, eta aldi berean, TxanGo! Proiektua ezagutzea, datozen irteeretarako. 

Hori horrela, asteburu honetan herritik ibiliko gara jendeari proiektua aurrez aurre azaltzen, beraz, ez izutu kalean harrapatzen bazaitugu! 

 

Datozen irteerak antolatzen zabiltzate? Aurrerapenik eman nahi duzue? 

Txili: Hurrengo ateraldietarako ideiak badauzkagu, baina oraingoz aurrenekoan zentratuko gara. Hala ere, irteerek filosofia hori jarraituko dute: irteera bereziak, bertako ekintzaile eta negozioen sustapena eta talde giro alaia. 

 

Irteerak egunekoak izango dira ala asteburupasak ere antolatuko dituzue? 

Zamo: Oraingoz eguneko esperientziak ditugu buruan, baina denetarik egiteko asmoa dugu; besteak beste, asteburupasak. Ideiak jasotzen gabiltza etengabe eta hori izango da lehen irteera honekin lortu nahi duguna; jendeak zer nahi duen entzun eta ahal den heinean etorkizunean jendearen gomendioak jarraitzea. Herritarrek proposamenak eginez gero, lana erraztuko digu, beraz, bota beldurrik gabe! Zuek zarete TxanGo!-ren ipar orratza.

 

Uztailaren 19rako, beraz, herritarrei animatzeko mezuren bat? 

Txili: Bai noski. Zatoz gurekin TxanGo!-ra, egun alai eta dibertigarri batez gozatzera! Etorri TxanGo!-rekin eta etzazu hutsik egin!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!