Kultur Bira etzi Zikuñaga auzora iritsiko da eta Mariachi Azteca de Flor Fernández taldeak kontzertua eskainiko du, 19:30etan hasita, auzoan jarriko den oholtza gainean. jakina da Euskal Herrian mariatxiek duten zale mordoa. Mexikoko doinuak oso gustuko dituzte euskaldunek eta baita hernaniarrek ere.
Flor Fernandezek sortu zuen taldea eta Mexikoko Musika Tradizionaleko abeslaria eta interpretea da. Bere mariatxiarekin batera, Chavela Vargas, Luis Miguel, Paulina Rubio edo Pimpinela bezalako artistekin kolaboratu du.
Mexikoko musikaz erabat maitemindu eta 20 urterekin Frantziara joan zen bizitzera, eta hurrengo urtean Rocio Dúrcal abeslaria lagundu zuen Espainian. Ondoren Bilbon finkatu zuen bizilekua, artista askori lagunduz, eta telebistako hainbat programa, elkarrizketa eta ekitalditan ere parte hartuz. Europa mailan, Espainia eta Frantziara ez ezik, Portugal, Alemania, Italia eta Grezian ere egin ditu ekitaldiak (2021).