Udararekin batera itsas zeharkaldiak hasi dira han eta hemen. Bizkaian hiru zeharkaldi jokatu dira dagoeneko eta pasa den larunbatean Lekeitioko 26garren igerialdia izan zen. Bertan bailarako igerilariek emaitza bikainak lortu zituzten. 250 igerilari inguruk hartu zuten parte eta Luis Goñi izan zen garailea 22 minutu eta 22 segundurekin. Master plus mailan ere (45-55 urte) irabazi zuen eta Iñigo Goñik hirugarren amaitu zuen kategoria honetan 24 minutu eta 18 segunduko denborarekin. Sailkapen orokorrean zazpigarren amaitu zuen. Karraspioko hondartzatik irteten ziren igerilariak eta Garraitzeko irla inguratu eta gero, Isuntzako hondartzan amaitzen zen zeharkaldia.
Gaztetxoek ere izan zuten igerialdia. 2013 eta 2014 urteetan jaiotako benjaminak elkarrekin atera ziren eta bertan azkarrena Maren Goñi hernaniarra izan zen.
Euskal Herriko Txapelketa, denboraldiko azkena
Bestetik, asteburuan zehar Euskal Herriko igeriketa txapelketa absolutuak izango dira Gasteizen, Mendizorrotzako igerilekuan. Denboraldiko azken txapelketa dute euskal igerilariek igerilekuan. Bertan, Uxue Santxok parte hartuko du 50 eta 100 bular probetan eta Enaitz Goñik 100 metro estilo librean.