Atzo hasi zen Papelera Zikuñaga esku pelota txapelketa Hernaniko kiroldegiko frontoian. 35 klubetako 160 pilotarik hartuko dute parte. Finalak uztailaren 30ean eta 31n izango dira.
Kategoria ezberdinetan jokatuko dira partiduak. Honela, nesketan bi maila izango dituzte: Nagusiak elite maila eta 14-16 urte bitarteko maila. Mutiletan berriz kategoria gehiago izango dituzte: Nagusietan elite eta urre mailak jokatuko dira. Jubeniletan urrea eta zilarra mailak izango dira, kadeteetan bezala. Beraz guztira zortzi kategoriatan jokatuko da txapelketa: sei mutiletan eta bi nesketan.
Aste honetan partiduak ostiralera arte jokatuko dira arratsaldero, 16:00etan hasita. Datozen bi asteetan berriz, jardunaldiak astelehenetik ostegunera bitarte izango dira.
Gaur lau partidu daude iragarrita. Kadete zilarreko partidua izango da lehenengoa eta ondoren jubenil zilarra, jubenil urrea eta nagusi urreko partiduak izango dira. Biharko sei partidu daude iragarrita eta ostiralerako beste sei.