Alaitz Imazek eta Amaiur Arrospidek irabazi dute Euskal Herriko Sega Liga

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 2a, 00:00

Altzo Jauregi, Amaiur Arrospide eta Oier Urkola.

Jauregin jokatu zen, azkartasun modalitatean, hirugarren jardunaldia eta Oier Urkolak eta Alaitz Imazek lortu zuten nagusitzea.

Oier Urkolak eta Alaitz Imazek irabazi zuten Euskal Herriko XV. Bakarkako Sega Ligako hirugarren jardunaldia Hernanin, Jauregi jatetxeko zelaian. Hala ere, ligan Amaiur Arrospide leaburuarrak lortu du garaipena hiru jardunaldiren ostean eta nesketan bai, Alaitz Imazek errepikatu du garaipena. Maiatzaren 25ean hasi zen Almitza Sega Elkarteak antolatutako XV. Bakarkako Sega Liga, Bidania-Goiatzen, eta larunbatean jokatu zen hirugarren eta azken jardunaldia, Jauregin. Sei mailatan banatuta hiru jardunaldiek erabaki dute nortzuk joango diren Bavarian jokatuko den Europako Txapelketara.

Nagusien mailan, gizonezkoetan, Oier Urkola anoetarra gailendu zen Hernaniko proban. Altzo Jauregi izan zen bigarren, eta Amaiur Arrospide leaburuarra hirugarren. Arrospidek irabazi du liga, Jauregirekin 177 puntutara berdinduta. Urkola izan da hirugarren, 175 punturekin, eta Lizartza laugarren sailkatu da, 172rekin.

Emakumezkoetan, Alaitz Imaz hernialdetarrak irabazi zuen Hernaniko proba. Ainara Otamendi ibartarra izan zen bigarren, Luixa Uzkudun, Maider Garmendia eta Izadi Arrospide izan ziren hirugarren, laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren. Imazek irabazi du liga 180 punturekin, hiru probak irabazi ondoren, Uzkudun bigarren izan da, 176 punturekin, eta Otamendi 3., 174 punturekin.

 

Manex Olaiz, Izadi Arrospide, Xuban Gartzia eta Pabi Astondoa garaile, beste mailetan

14 eta 18 urte bitartekoen mailan, mutiletan, Manex Olaiz izan zen onena Hernanin, eta berak irabazi du liga, 180 punturekin, Harri Mitxelenaren eta Mattin Etxarriren aurretik. Nesketan, berriz, Inge Goikoetxea gazteluarra izan zen onena Hernanin, Izadi Arrospide leaburuarraren eta Lorea Zunzunegi gazteluarraren aurretik. Hala ere, Arrospidek irabazi du liga, 179 punturekin. Goikoetxea izan da bigarren, 178 punturekin. Zunzunegi hirugarren izan da, 174 punturekin.

14 urtetik azpikoen mailan, Xuban Gartzia gazteluarra izan zen onena, eta bera izan da ligako garailea, 178 punturekin. Mari Olazar herrikidea bigarren izan da 177 punturekin, eta Izar Mendizabal hirugarren, 169 punturekin.

Azkenik, beteranoen mailan, Joakin Garmendia anoetarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Hernanin, baita ligako sailkapenean ere. Pabi Astondoa jaun eta jabe izan da hiru probatan. 30 segalari aritu ziren Jauregin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!