Hernaniko traineruak zortzigarren amaitu du asteburuan jokatutako bi estropadetan. Larunbatean Donibane Lohitzunen, ehunenekoak ez zituen lagun izan Maialen traineruak. Portugaleterengandik ehuneneko bakarrera geratu zen (12:03.73 eta 12:03:74), San Juanek irabazi zuen estropadan.
Igandean, Portugaleten, San Juanek garaipena errepikatu zuen eta Hernanik zortzigarren amaitu zuen, aurreko eguneko postu berean iritsiz. Estropada mareak eta kaleen arteko aldeak baldintzatu zuten. Hernani hirugarren kaletik irten zen eta bere aurkari zuzenak, Portugalete eta Isuntza, lehendabiziko eta bigarren kaletik. Abantaila nabaria zen lehendabiziko eta bigarren kaleentzako eta hala ere hernaniarrak Portugaleterengandik bi segundura sailkatu ziren. Kale beretik joan zen Ondarroak sei segundu aurretik amaitu zuen. Horrek erakusten du Hernanik egin zuen estropada ona.