Aurredenboraldian kontzentratuta dabil azken asteetan Xabier Salillas martxalari ultrafondista hernaniarra. Ziordiako lasterketa solidarioan egin ditu prestaketako lehenengo probak.
2.400 metroko martxa lasterketan garaipena lortu zuen Salillasek, eta segidan egindako 6.800 metrokoan ere hartu zuen parte. Bigarren martxaldia Markel Carmona urnietarraren aulkiari bultzaka egin zuen Salillasek, 'Aurrera Markelekin' kamiseta soinean zuela. Hemendik hilabete batzuetara proba berezi bat egingo du Hernanin, Markelen gaixotasuna ikusarazteko. 24 orduko desafioa izango da.
Gainontzean, denboraldi berrirako proba bat dauka begiz jota Salillasek: Santanderreko 24 orduko martxa internazionala. Errekor pertsonala lortu nahi du bertan, estatuko onenen pare arituta.